Gizartea -

UNICEF

Haurrek euren eskubideen 170.000 'urratze larri' pairatu dituzte 2010etik

UNICEFen arabera, azken hamar urteotan, haurrek jasandako erasoen kopurua hirukoiztu egin da; eguneko batezbesteko kopurua 45ekoa da. 2010etik 2019rako hamarkada "hilgarritzat" jo du UNICEFek.

Hainbat haur eta gazte, UNICEFen kanpaleku batean, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Hainbat haur eta gazte, UNICEFen kanpaleku batean, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Hainbat haur eta gazte, UNICEFen kanpaleku batean, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UNICEF Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak haurren eskubideen 170.000 "urratze larri" baino gehiago egiaztatu ditu 2010etik gatazka-egoeretan; hau da, egunero, batez beste, 45 urratze izan dira. Hortaz, Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren arabera, azken hamarkada hau "hilgarria" izan da umeentzat, alegia, munduko gatazketetako lehen biktima errugabeentzat. Haurren eskubideen aurkako "urratze larria" izan dela esateko, UNICEFek honako kasuak hartzen ditu kontuan: hilketa, bortxaketa, errekrutatze behartua, eta bahiketa.

1989an Haurren Eskubideen Hitzarmena onartu zenetik, gatazka-egoeran dauden herrialdeen kopurua inoizko altuena da; Henrietta Fore UNICEFeko zuzendari exekutiboak ziurtatu duenez, egun, "gerrak gero eta luzeagoak dira, eta sarraskiak, halaber, gero eta odoltsuagoak".

"Umeen aurkako erasoak etengabekoak dira; izan ere, borrokalariek gerraren oinarrizko arauetako bati iruzur egiten diote, alegia, umeen babesa bermatzeko beharrari. Egunkarietan izenburuak eta haserreko oihuak sortzen dituen kasu bat dagoenean, salatzen ez diren hainbat eta hainbat kasu egoten dira horren atzean", adierazi du zuzendari exekutiboak.

24.000 urratze baino gehiago, 2018an

2018an, Nazio Batuek umeen eskubideen aurkako 24.000 urratze larri dokumentatu zituzten; besteak beste, ondorengoak egiaztatu ditu UNICEFek: hilketak, mutilazioak, sexu-indarkeria, bahiketak, laguntza humanitarioa ukatzea, errekrutatze behartua eta eskolen eta ospitaleen aurkako erasoak. Kontuan izan behar da gainbegiratzea gero eta zehatzagoa dela, eta txostenak ere ugariagoak; baina kopurua, 2010ekoarekin alderatuta, 2,5 aldiz handiagoa da.

Hain zuzen ere, 2018an, 12.000 ume baino gehiago hil edo mutilatu zituzten. UNICEFek hori salatu du, eta gaitzetsi du, irmotasun osoz, aire-erasoak eta lehergaiak modu jarraituan eta orokortuan baliatzen dituztela hainbatek. Gatazka armatuetan, ondorengo lehergailuek eragiten dituzte haur-biktimarik gehien: lur-minek, morteroek, inprobisatutako lehergailuek, suziriek, mordo-bonbek eta artilleria-bonbardaketek.

Gainera, 2019an, adingabeen aurkako erasoak eta indarkeria ez da eten. Urteko lehen erdian, UNICEFek 10.000 urratze baino gehiago dokumentatu zituen; baliteke, dena den, kopurua handiagoa ere izatea.

Hamarkada honetan azkenengoz, UNICEFek eskatu die "fakzio beligerante guztiei" euren beharrak betetzeko, Nazioarteko Eskubidea kontuan izanik, eta segituan amaiera emateko umeen eskubideen urratze guztiei. Nazio Batuek eskatu dute, halaber, azpiegitura zibila ez izateko aurrerantzean jomuga, eskolak, ospitaleak eta ur-instalazioak barne. Horrez gain, galdegin diete gatazkan dauden aldeen gaineko eragina duten Estatuei gaitasun hori baliatzeko, "umeen babesa bermatze aldera".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
NBE bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak albisteak gaur Giza eskubideak Gobernuz kanpoko erakundeen albisteak