Gizartea -

Eguraldia

Gabon zaharrak euri arina ekar lezake Euskal Herriko kostaldera

Urtarrilaren 1eko goizaldea ez da astelehenekoa eta asteartekoa bezain hotza izango; hala ere, izotza egingo du. Hori dela eta, abisu horia ezarri dute Araban asteazkeneko 10:00ak arte.

Hotz handia izan dugu azken egunotan; 2020 ildo beretik hasiko da. Argazkia: Gurutze Azcarate.
Hotz handia izan dugu azken egunotan; 2020 ildo beretik hasiko da. Argazkia: Gurutze Azcarate.
Hotz handia izan dugu azken egunotan; 2020 ildo beretik hasiko da. Argazkia: Gurutze Azcarate.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ri agur eta 2020ri kaixo esango dien Gabon zaharrak euri arina ekar lezake Euskal Herriko kostaldera, EiTBko Eguraldiko lantaldeak eitb.eus-i aurreratu dionez. Hori bai, Urte Berriko egunaren goizaldea ez da astelehenekoa eta asteartekoa bezain hotza izango; izan ere, igandetik astelehenerako gauean -4,7 ºC jaso dituzte Agurainen, eta astearteko lehen orduetan, gauerditik, abisu horia izan da indarrean, 10:00ak arte, barnealdean izotza egingo baitu.

Urtezahar eguna, Arabako eta Nafarroako hegoaldeko hainbat puntutan, behe-lainoak markatuko du; beste behin ere, iraunkorra izan liteke behe-laino hori. Minimoak -2 gradukoak ere izan litezke barnealdean, eta 4º-koak itsasotik gertu. Urteko azken goiza eguzkitsua izango da, baina eguerdian hodeiak hasiko dira sartzen, kostaldetik; hodei horiek, arratsaldean, barnealdera ere iritsiko dira. Euskal Herriko ipar partean euri arina egin lezake gauean; zerua estalita izango da, eta ez dago iragarrita izotza egingo duenik 2020ko lehen orduetan.

Urte Berri eguneko arratsaldean, euririk ez

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du asteazken honetan, urtarrilak 1, izotzagatik Araban, gauerditik 10:00ak arte. Gainera, baliteke izotza behe-lainoarekin bat etortzea, batez ere Arabako lautadan eta Ebroko ardatzean.

Urtarrilaren 1eko goizean, hodei ugari izango ditugu, EiTBko Eguraldiko lantaldeak azaldu duenez, eta aukera egongo da kostaldean euri arina botatzeko. Arratsalderako, berriz, hodeiak desagertuko dira pixkanaka, eta giro lehorra dago iragarrita. Urte Berri eguneko minimoak 2-3 gradukoak izango dira barnealdean, eta 6-8koak itsasaldean; hortaz, ez du izotzik egingo.

Ostegun eta ostiralerako (alegia, urtarrilaren 2 eta 3rako), joerak zehaztu du giro eguzkitsua eta hotza izango dugula; maximoak 13 gradukoak izango dira kostaldean. Larunbatean, urtarrilaren 4an, eguraldia ez da hain atsegina izango: hodeitsu izango da, eta ipar partean euria egin lezake. Igandean, aldiz, giro lehorra izan genezake, baina oso hotza: maximoak 8 gradukoak izan litezke gehienez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak albisteak EAE albisteak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak