Gizartea -
Erregeen Desfilea
300 pertsonak Errege Magoak lagunduko dituzte Gasteizen, animaliarik gabeko desfilean
Amvisak Ramon y Cajal zein Louis Heintz kaleetan egiten ari den lanek desfilearen ibilbidean aldaketak eragingo dituzte eta Bilbo plazatik aterako da 19:00etan.
eitb.eus
Zazpi karroza, hiru antzerki talde eta 300 figurante baino gehiago izango dira Errege Magoekin batera igande honetan, urtarrilak 5, Gasteizko kaleetan zehar ibiliko den desfilean.
Ohi bezala, Melchor, Gaspar eta Baltasar trenez iritsiko dira Arabako hiriburura. 11:00ak aldera Dato kaleko geltokira helduko dira, eta bertatik Espainia plazara joango dira hainbat ibilgailu zaharretan, opariz betetako traktore batekin eta musika animazioarekin lagunduta.
Udaletxeko balkoi nagusian agertuko dira plazan bildutako haurrak agurtzeko eta, ondoren, Villa Suso Jauregira joango dira gasteiztarren eskaerak entzuteko.
19:00etan hasiko den desfile tradizionalak ibilbidea aldatuko du, Amvisaren lanak direla -eta. Horrela, Bilbo plazatik irten ondoren, Frantzia, La Paz, Jesus Guridi, Pio XII, Los Herran, Carlos I plaza eta Legutianoko Atea kaleetatik igaroko da.
Aurtengo berrikuntzen artean, Udalaren erabaki gisa, aipatzekoa da errege pajeak ez direla zaldiz mugituko. Olentzeroren eta Mari Domingiren desfilean jada neurri hori bete egin da, astorik eta idik gabe ibili baitziren kaleetan zehar.
Guztira, zazpi karroza izango dira Gasteizen, 2019an baino bat gehiago; horietatik hiru fantasiazkoak izango dira, beste hiru Errege Magoenak eta azkena, "La Chucheneta", gozokiak banatuko dituen karroza.
Desfileak Transe Express eta Remue Menage antzerki talde frantsesen emanaldia izango du Crearte Events talde madrildarrarekin batera; gainera, La Trocamba Matamusca (Valentziako Erkidegoa), Al Folk (Andaluzia) eta Bloco Afro Iguazu (Gasteiz) taldeek zuzeneko musika eskainiko dute.