Gizartea -
Urtarrilaren 5ean
Errege Magoak Jules Verneren bidaiariekin ibiliko dira Bilboko Desfilean
Igandeko 18:00etan hasiko da, Kale Nagusiaren eta Maria Diaz Haroko kalearen arteko elkargunean. Willy Fog, Nemo kapitaina eta Txakur Patruila izango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin.
Agentziak | Erredakzioa
Errege Magoen Bilboko aurtengo Desfileak Jules Verneren abenturak izango ditu inspirazio, eta hamar karroza ibiliko dira bertan. Besteak beste, "Munduari bira 80 egunetan" eleberriko trena izango da Bilbon, Willy Fogekin, bai eta Nemo kapitaina Nautilusen eta Txakur Patruila ere. Horiek guztiek bidea zabalduko diete Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri.
Desfilea igande honetako 18:00etan hasiko da (urtarrilaren 5ean), Kale Nagusiaren eta Maria Diaz Haroko kalearen arteko elkargunean, eta Bilboko Udaletxearen atean amaitu, 19:30etik aurrera. Mugikortasun-arazoak dituzten umeek gordetako tokia izango dute. Desfilearen atzealdean, gozokien lantegiaren karroza joango da; ibilbidearen amaieran, ia hiru tona glutenik gabeko gozoki banatuko ditu horrek.
Amaieran, Errege Magoek mezua emango dute balkoitik; haiekin batera, zeinu-hizkuntzaren interprete bat, Juan Mari Aburto alkatea eta Itziar Urtasun jaietako zinegotzia izango dira. Arabiar Aretoan egingo diete harrera, gerora, haiekin egon nahi duten ume guztiei.
Helduentzako ikatza, ingurumenari emandako tratuagatik
Desfilearen aurkezpenean, ostiral honetan, Erregeek azaldu dute zergatik ekarri dieten aurten ikatza helduei, ingurumenari eman dioten tratuagatik: "Irakatsi digute nola ez den egin behar", argitu du Gaspar erregeak.
Baltasar erregeak eskatu diete gurasoei denbora luzeagoa emateko seme-alabekin, eta jostailua erabiltzeko "seme-alabenganaino iristeko modu bat balitz bezala, ez umeak bakarrean uzteko aitzaki moduan". Gasparrek gehitu du "hobe" dela taldekako jolasen alde egitea, horrela umeek partekatu ahal izan dezaten.
"Jendeari eskatu nahi diogu ezer ez botatzeko; jostailuek bizitza bat baino gehiago izan dezakete, eta beste ume batzuei ere eman diezaiekete poztasuna", esan du Meltxor erregeak, aurkezpenaren amaieran.