Gizartea -
Donostia
'Mozal legea eta ordenantzaren' kontrako mobilizazioak deitu ditu Piztu Donostiak
Kolektiboaren arabera, "gizarte-eragileen kontrako" Donostiako Udalaren "errepresioa gogortu egin da azken urteetan".
Agentzia | Erredakzioa
Piztu Donostia kolektiboak "adierazpen askatasunaren alde" eta "mozal legearen eta ordenantzaren kontra" mobilizatzera deitu ditu donostiarrak. Salatu duenez, azken bi urteetan Udalak 289 isun jarri ditu lan politikoa eta sozialagatik"; hau da, "hiru egunean behin aktibista edo gizarte-eragile bati isun bat jartzen diote".
Adierazpen batean, Piztu Donostiak esan du Gipuzkoako hiriburuan "gizarte-eragileen kontrako errepresioa gogortu egin da azken urteetan". Esan duenez, "2018an 130 isun jarri ziren, eta 2010an, 155 isun"; beraz, "urte batean % 17 igo da" kopurua.
Bere ustez, "Donostian oinarrizko eskubideak murrizten ari dira". Horregatik, hiriko "gizarte-eragileen" arteko "kooperazioaren" alde egin dute, "poliziek adierazpen, bilera eta mobilizazio askatasuna errespetatu dezaten".
Marko honetan, Piztu Donostiak Mozal hiria kanpaina abian jarri dute, otsailera arte, "egoera penagarriaren berri emateko eta hiritarrak aktibatzeko" helburuarekin, eta "gure eskubide sozial, zibil eta politikoen bermea lortzea helburu duten hiru egitura abian jartzeko: Isunen Protokoloa, Eskubideen Behatokia eta Erresistentzia Kutxa".
Protokoloak "Donostian isuna jasotako pertsona edo eragile bakoitzak nola jokatu behar duen zehaztuko du", urtarrilaren 30eko greba orokorrari begira. Zigortutako pertsona guztien fitxak Eskubideen Behatokira bidaliko dira, "isunaren ezaugarriak eta ondoren izango den egoera iker ditzan".
Mobilizazioak
Urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egin du mugimenduak, eta gizarte-eragileak urtarrilaren 13tik 20ra mobilizatzera deitu ditu, "adierazpen askatasunaren astean".
Urtarrilaren 25ean manifestazioa egingo dute, Pio XII.etik Udaltzaingoaren biribilguneraino; otsailaren 1ean, elkarretaratzea Antiguoko Ertzaintzaren egoitzaren aurrean, eta otsailaren 15ean, manifestazioa udaletxetik Egiako epaitegietaraino.