Gizartea -

Gertakaria

Gizon bat larri, Donostian izandako liskar baten ondorioz

Pertsona bat atxilotu dute erasoarekin zerikusia duelakoan. Liskarra 6:00etan izan da, Donostiako Alde Zaharrean.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

23 urteko gazte bat atxilotu dute goizean Donostian, lesio delitu bat leporatuta, ustez beste gizon bat botila baten beirarekin zauritu ostean.

Ertzaintzak premiaz artatu du gaztea. Odoletan zegoen zauria buxatu diote, osasun langileak heldu arte. Biktima larri zaurituta eraman dute Donostia Ospitalera.

Segurtasun Sailak esan duenez, 6:00ak inguruan, Trinitate Plaza inguruan pertsona zauritu bat zegoenaren abisua eman diete ertzainei. Bertaratutako agenteek gizon bat aurkitu dute lurrean, Abuztuaren 31 kalean, lepoan odol ugari zerion zauri handi bat zuela.

Hortik gertu, odol arrastoa jarraituta, erasoan ustez erabilitako arma aurkitu dute: apurtutako botila bat. Ertzainek berehala estali diote zauria, odolustu ez zedin.

Ustezko erasotzailea, 23 urteko gizona, inguruan identifikatu eta atxilotu dute, lesio delitu bat leporatuta.

Gainera, liskarrean, erasotzaileak burukada bat eman dio biktimaren lagun bati. Behin diligentziak bukatuta, epailearen esku utziko dute atxilotua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak