Gizartea -
Migrazioa
172 pertsona migratzaile erreskatatu dituzte asteburu honetan Espainiako kostaldean
Gainera, bi pertsona migratzaile hil dira, eta beste bat desagertuta dago. Kanariar Uhartean, Cartagenan, Cadizen eta Alacanten aurkitu dituzte ontziak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guztira 172 pertsona migratzaile erreskatatu dituzte asteburu honetan zehar Espainiako kostaldean. Gainera, bi pertsona migratzaile hil dira, eta beste bat desagertuta dago. Kanariar Uhartean, Cartagenan, Cadizen eta Alacanten aurkitu dituzte ontziak.
Fuerteventuran 44 pertsona zeramatzan ontzi bat atzeman dute. Horietako bost adinganbeak ziren, eta irlatik 15 milietara zeuden igande honetan aurkitu dituztenean. Kanaria Handiko hegoaldean, berriz, 58 pertsona zeramatzan beste ontzi bat aurkitu dute, eta horietako bat hil egin da handik gutxira, Gurutze Gorriak jakitera eman duenez.
Cadizen ere, Bolonia hondartza parean, beste 18 lagun erreskatatu dituzte, horien artean haur bat eta emakume bat, egurrez eta zuntzez egindako ontzi batean zihoazela.
Larunbatean ere erreskateak izan dira. Itsas Salbamenduak ontzi bat atzeman du Santa Polako (Alacant) kostalde parean, Gurutze Gorriak baieztatu duenez. 16 pertsona ziren eta, horien artean, adingabeak omen zeuden.
Azkenik, 36 migratzaile zeramatzaten hiru ontzi atzeman dituzte Murtziako Eskualde parean. Lagun guztiak Argeliakoak dira, eta ontzietako batean hildako baten gorpua aurkitu dute Itsas Salbamendukoek. Gainera, ontzia irauli denean lagun bat itsasora erori da, eta desagertuta dago.