Gizartea -
Liskarra
Epailearen aurrera eraman dute Donostian izandako liskarragatik atxilotutako gizona
Borroka baten ondorioz izan zen, urtarrilaren 5eko lehen orduetan, Trinitate plazan.
Agentziak | Erredakzioa
23 urteko gazte bat atxilotu zuten igandean, beste gizon bat botila batekin lepoan zauritzeagatik, eta astelehen honetan, 10:00etan, epailearen aurrera eraman dute, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Borroka baten ondorioz izan zen, urtarrilaren 5eko lehen orduetan, Trinitate plazan. Bertaratutako agenteek gizon bat aurkitu zuten lurrean, Abuztuaren 31 kalean, lepoan odol ugari zerion zauri handi bat zuela.
Hortik gertu, odol arrastoa jarraituta, erasoan ustez erabilitako arma aurkitu zuten: apurtutako botila bat. Ertzainek zauria tapatu zuten, biktima odolustu ez zedin.
Ustezko erasotzailea, 23 urteko gizona, inguruan identifikatu eta atxilotu zuten, lesio delitu bat leporatuta.
Lehen ikerketen arabera, bi aldeen arteko eztabaida baten ondorioz gertatu zen erasoa. Behin diligentziak bukatuta, epailearen esku utzi dute atxilotua astelehen honetan.