Gizartea -
Gipuzkoa
Hamalau pertsona zauritu dira Zumarragan izandako zirkulazio-istripu batean
Zaurituen artean bi larri daude. Istripua A-636 errepidean, Argixaoko tunelaren irteeran, Beasainerako noranzkoan, gertatu da.
Agentziak | Erredakzioa
Hamalau pertsona zauritu dira, horietako bi larri, Zumarraga parean izandako istripu batean. 11 ibilgailuk izan dute istripua, horietako lau kamioiak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Gipuzkoako Suhiltzaileek jakitera eman dutenez.
Istripua 10:00ak aldera gertatu da A-636 errepidean, Beasain eta Zumarraga lotzen dituen autobian, Argixaoko tunelaren irteeran, Beasainerako noranzkoan. 11 autok talka egin dute, horietako lau kamioiak ziren, eta gainerakoak ibilgailu arinak.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, istripua gertatu den unean behe laino trinko bat zegoen, ikuspena murrizten zuena.
Istripuaren ondorioz hamar pertsona zauritu dira, bi larri; horietako bat kamioietako baten gidaria, Donostia Ospitalera eraman dute "oso larri".
Zaurituetako bost arin zauritu dira eta hiruk pronostiko erreserbatua zuten, Gipuzkoako Suhiltzaileek EFE albiste-agentziari adierazi diotenez.
Istripuaren ondorioz, errepidea erabat itxita geratu da, eta Ertzaintzak GI-2632 eta GI-631 errepideetatik bideratu du zirkulazioa. Hala ere, 12:00ak aldera berriro ireki dituzte A-363 errepideko erreiak, Bergararako noranzkoan.