Gizartea -
14 hilabete zituen
Txakur handi batek haurtxo bat hil du Layosen, Toledon
Ezbeharra larunbatean jazo zen, haurtxoaren aitona-amonen txaletan. Biktima 12:00etan eraman zuten ospitalera buruan zauri larriak zituela, eta 18:00etan hil zen ebakuntza-gelan.
Erredakzioa
14 urteko haurtxoa hil egin da Toledoko Virgen de la Salud Ospitalean, txakur handi baten haginkadek egindako zaurien ondorioz. Ezbeharra Layos udalerrian izan da, Toledon.
Francisco Javier Corrochano Gobernuaren Toledoko ordezkariordeak adierazitakoaren arabera, gertaera Layoseko etxebizitza batean jazo da.
Haurra Claudio Avila 1984an hildako enpresariaren biloba zen, eta amonarekin batera zegoen familiak Layosen zuen txaletan. Txakurraren erasoa gertatu eta berehala Toledoko Virgen de la Salud ospitalera eraman zuten eta ebakuntza-gelan hil zen.
Zabaldutako informazioen arabera, haurtxoa 12:00ak aldera iritsi zen ospitalera buruan zauri larriak zituela, eta 18:00etan hil zen ebakuntza-gelan bihotz-biriken geldialdiaren ondorioz.
"Ustekabeko" heriotza
Rafael Garcia-Patos Layoseko alkateak Eferi adierazitakoaren eta bizilagunen arabera, heriotza "ustekabekoa" izan da.
Garcia-Patosen ustez, txaletan bi txakur handi egon litezke, baina ez da gai izan zein arrazakoak diren gogoratzeko. Bere hitzen arabera, haurtxoa txakurrekin jolasten saiatu omen zen eta horiek, "animalien senari jarraituz" haurra "triskatu dute".
Layoseko alkateak gertatutakoa gaitzetsi du eta astelehenean Udalak beharrezko ekimenak martxan jarriko dituela iragarri du. Gainera, "edozein gauzetarako" familiaren esanetara daudela esan du.