Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Nafarroako Gobernua Orkoiengo sexu-erasoaren auzian aurkeztuko da

Gertaturikoa "oso larria" delako adostu du hori Foru Gobernuak. Poliziak zazpi lagun atxilotu zituen; hiruk behin-behinean preso jarraitzen dute eta beste bi aske daude, kautelazko neurriekin.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orkoiengo ustezko sexu-erasoa egotzita Iruñeko epaitegi batek hasi duen auzi penalean herri-akusazioa gauzatzea adostu du Nafarroako Gobernuak, ostiral honetan egindako bilkuran. Gertaturikoa "oso larria" delako adostu du hori Foru Gobernuak.

Biktimak abenduaren 6an salaketa aurkeztu ondoren, Foruzaingoak zazpi pertsona atxilotu zituen; horietako hiruk behin-behinean preso jarraitzen dute eta beste bi aske daude, kautelazko neurriekin.

Erabakia Nafarroako Berdintasunerako Institutuak proposatuta hartu du Gobernuak. Foru Exekutiboak akordioaren testuan adierazten duenez, "salatutako gertaerak oso larriak dira, biktimak jasandako indarkeriarengatik nahiz erasotzaileek elkarrekin parte hartzeagatik eta indarkeria fisikoa erabiltzeagatik, kopuru eta indar aldetik haien nagusitasunaz baliatuta".

Ildo horretan, emakumeenganako indarkeriaren aurka egiteko, apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeko 65. artikuluan esaten da Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioak prozedura penaletan aurkeztea adostu ahal izango duela, emakumeen aurkako indarkeriaren kasurik larrienetan edo delitu-ekintzak horien heriotza eragiten duenean herri-ekintza gauzatzeko.

Biktimarekiko babesa eta elkartasuna

Kasuaren berri izan ondoren, Nafarroako Gobernuak oharra argitaratu zuen, "gertaera horiek erabat salatu eta baztertzeko, eta biktimari eta haren familiari erabateko babesa emateko". Halaber, honakoa esan zuen: "Emakumeenganako erasoak ez dira gertaera isolatuak, eta emakumeenganako indarkeriaren testuinguruan kokatu behar dira, gure gizartean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen eta isla basatiena bezala".

Hori dela eta, emakumeen aurka emakumeak izateagatik egiten den indarkeria-mota hori prebenitzeko biderik eraginkorrena politika publiko feministak direla eta emakumeen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta erabateko herritartasunaren aurka egiten diren indarkeria-modu guztiak desagerrarazteko lanean jarraitzeko erantzukizuna berresten duela adierazi zuen.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak eraso sexistak prebenitzeko konpromisoa agertu zuen, emakumeen aurkako indarkeria-egoera bakar bat ere egon ez dadin. Halaber, babesa eta elkartasuna adierazi zizkien noizbait eraso edo indarkeria matxistaren egoeraren bat bizi izan duten emakume guztiei.

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan; beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Tratu txarrak Nafarroako albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako telefonoa Matxismoa