Gizartea -

Krimena Hernanin

Rosario Romanen alaba gela batera eraman dute eta hobera egiten ari da

Emakumezkoak (30 urtekoa) labankadak jaso zituen amarekin zegoela. Hernaniko herritarrak 20:00etan elkarretaratzea egitera deituta daude, Rosario Romanen hilketa gaitzesteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rosario Roman atzo Hernanin bikotekide ohiak ustez hildako emakumearen alaba honera egiten ari da Donostia Ospitalean.

Alabak (30 urtekoa) labankadak jaso zituen amarekin zegoela, eta ospitaleratu egin behar izan zuten.

Osakidetzaren iturriek azaldu dutenez, emakumezkoa gela batera eraman dute dagoeneko, baina ez dute informazio gehiago zehaztu, Polizia auzia ikertzen ari baita.

Gaitzeste ekitaldiak

Gaur arratsaldean, 19:00etan, emakumezkoaren hileta-elizkizunak egingo dituzte.

Ordubete lehenago, 18:00etan, Udalak ezohiko saioa egingo du, hilketa gaitzesteko.

Gainera, 20:00etan, elkarretaratzea egingo dute Gudarien Plazan, Udalak, Berdintasunaren aldeko Hernaniko Batzordeak eta Txoko Feministak deituta.

Gertatutakoa

Hilketa atzoko 05:30ean jazo zen, Izpizua kalean. Ustez, gizonezkoak labankada batzuk eman zizkion bularrean, eta emakumezkoa handik eta gutxira hil zen, han bertan.

Biktimaren alabak (30 urtekoa) ere labankada batzuk jaso zituen, eta Donostia Ospitalean daukate. Larri dago, baina haren bizia ez dago arriskuan.

Antza denez, herritar batek krimena ikusi zuen, aurre egin zion erasotzaileari, eta hark ebakiak egin zizkion beso batean. Beste pertsona bat biktimari laguntzen saiatu zen.

Ertzaintzak identifikatu egin zuen ustezko hiltzailea, eta ondoren telefonoz hitz egin zuen harekin. Bere burua entregatzeko konbentzitu zuten, eta Hernaniko lokal batera joateko esan zioten. Susmagarria hara zihoanean atzeman zuten.

Herrizaingo Sailaren iturriek baieztatu dutenez, ustezko erasotzaileak ez zuen une honetan biktimarengandik urruntzeko agindurik, baina 2007an espedientea ireki zioten indarkeria matxista tarteko. Azkenean artxibatu egin zioten, istiluak ez zirela errepikatu argudiatuta. Duela hilabete eta erdi, baina, Rosario Romanek salatu zuen gizonezkoak iraindu egin ziola, eta berriz ireki zioten espedientea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea