Gizartea -

Istripua

Tarragonako petrokimikoak lau zigor zituen ezarrita

Asteartean izandako istripuaren gaineko ikerketa lantegiaren segurtasun-baldintzetan oinarritzen da. Esquadra Mossoek enpresaren egoitza eta leherketa jazo zen lekua miatu dituzte.

IQOXEk ikerketa independentea enkargatu du, istripuaren zergatiak aztertzeko. Argazkia: EFE.
IQOXEk ikerketa independentea enkargatu du, istripuaren zergatiak aztertzeko. Argazkia: EFE.
IQOXEk ikerketa independentea enkargatu du, istripuaren zergatiak aztertzeko. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartean leherketa izan zuen IQOXEren Tarragonako lantegi petrokimikoak lau zigor zituen ezarrita, lan-osasunaren eta segurtasunaren araudia ez betetzeagatik. Hiru hildako eta zazpi zauritu eragin zituen istripuaren gaineko ikerketa, hortaz, lantegiaren segurtasun-baldintzetan oinarritzen da, heriotza horiek homizidio arduragabea izan litezkeen argitze aldera. Esquadra Mossoek enpresaren egoitza eta leherketa jazo zen lekua miatu dituzte.

Eginbideak ireki dituen epaitegia eta Fiskaltza zain daude, Esquadra Mossoek eta Lan Ikuskaritzak leherketaren arrazoien eta istripuaren ingurukoen gaineko txosten osoa helarazi arte. Oraingoz, Lan Ikuskaritzak jakitera eman duenez, IQOXEk lau zigor jaso ditu azken lau urteotan, 2.000-8.000 euro bitartekoak.

Generalitatearen Lan kontseilari Ckakir el Homranik nabarmendu duenez, Lan Ikuskaritzak "sakon" ikertuko du, "istripu oso larri honen zergatiak eta erantzukizunak argitzeko". Lantegi petrokimikoa Tarragonako La Canonja herrian dago, eta, istripuaren ondorioz, zazpi lagun hil dira eta zazpi zauritu.

Bulegoak miatu dituzte

Ikerketan, Mossoek enpresaren egoitza administratiboa miatu dute ostegun arratsaldean, Bartzelonako El Prat de Llobregat herrian, dokumentazioa eskuratzea xede, epaitegiak hala eskatuta. Halaber, leherketa jazo zen gunea ere arakatu dute.

Zabartasuna izan dela ebaztekotan, baliteke abiatutako ikerketa judizialak homizidio arduragabea izan ote den aztertzea, Fiskaltzaren iturrien esanetan; gutxienez, izandako hiru heriotzetako bitan iker lezakete hori, alegia, zendutako bi langileen kasuetan. Orain arte, alabaina, ikerketa judizialak ez du zehaztu zer ari diren ikertzen.  

Poliziaren eta epailearen ikerketez gain, Generalitatearen Suhiltzaileek ostegun gauean ekin diote produktu kimikoak gordetegitik zisternetara ontziz aldatzeari. Prozesu hori "berme guztiekin eta segurtasun osoarekin" ari dira egiten, eta astiro egin beharko dute, instalazioetan kalteak oso handiak baitira. Berrogei bat lagun dabiltza hori egiten, eta ostiraleko 08:00etarako 55.000 kilo propileno oxido zituzten ontzietatik zisterna seguru batera aldatuko dituzte.

BIDEOA | Eztanda egin duen Tarragonako enpresa petrokimikoa, drone batetik ikusita

Eztanda egin duen Tarragonako enpresa petrokimikoa, drone batetik ikusita
Eztanda egin duen Tarragonako enpresa petrokimikoa, drone batetik ikusita
Eztanda egin duen Tarragonako enpresa petrokimikoa, drone batetik ikusita

0:43

IQOXEk ikerketa independentea enkargatu du

IQOXEk, bere aldetik, iragarri du istripuaren ikerketa independentea eskatu diola Sarriako Institutu Kimikoari, eta segurtasun-protokoloak bete zirela adierazi du. Enpresak nabarmendu duenez, protokolo horiek ondo betetzeak ekarri zuen suhiltzaileak "minutu gutxi batzuen buruan iristea ezbeharraren lekura".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Katalunia gaur Bartzelona argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak