Gizartea -

Etxebizitza

Nazioarteko elkarte batzuek etxebizitza babesteko 'fronte komun' bat nahi dute

Etxebizitza eta Hirirako Eskubidearen aldeko Europako Koalizioa Hernanin dago bilduta, asteazkenetik, igandera arte.

Elkarteak Hernanin daude bilduta. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Elkarteak Hernanin daude bilduta. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Elkarteak Hernanin daude bilduta. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxegabetzeen aurkako Alemaniako, Frantziako, Errumaniako eta Euskal Herriko hainbat elkartek "etxebizitza babesteko borroka-fronte komun bat" sortu nahi dute; fronte horren asmoa litzateke "bizitzarako gune horiek" ez bilakatzea "funtsa putreek espekulatzeko moduko produktu finantzari konplexu".

Hain zuzen, Etxebizitza eta Hirirako Eskubidearen aldeko Europako Koalizioa Hernanin dago bilduta, asteazkenetik, igandera arte, eta horixe izan da elkarte batzuek adostutako ondorio nagusietako bat. Topaketa lehen aldiz ari dira egiten Estatuan. Bertan, Euskadiko Kaleratzeak Stop eta Frantziako, Alemaniako eta Errumaniako antzeko elkarte batzuek agiri bat aurkeztu dute ostiralean, gogora ekartzeko etxebizitza "arazo larria" dela: "Ehun mila milioi europarrek baino gehiagok pairatzen dituzten pobreziari eta gizarte-bazterketari eragiten die", zehaztu dute.

Testuinguru horretan, Frantziako "Droit au logement" taldeak, Alemaniako Kaleratzeak Stop Berlin elkarteak, Errumaniako Etxebizitzarako Eskubidearen aldeko Fronte Komunak eta Kaleratzeak Stop Euskadi taldeak azpimarratu dute "guztion arteko ekintza egiteko kointzidentziak" dituztela, Estatu bakoitzak dituen berezitasunak ere kontuan izanik.

Ildo horretan, Nazio Batuen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak agindutakoa betetzea eskatu die administraritzei; agindu horren bidez, eskatzen zaie europar Estatuei "behartutako etxegabetzerik ez egoteko, baldin eta ez badago aldez aurretik beste aukera egoki bat".

Halaber, salatu dute gero eta nabariagoa dela "etxebizitzak behar direla"; galdegin dituzte hirietako erdiguneetako "turistifikazioaren" aurkako neurriak; "etxebizitzen parke publikoa pribatizatzeko" ahaleginen aurka egin dute; eta eskatu dute "legeak berak" mugatzea alokairuak.

Berlingo saiakuntza

Berlingo saiakuntza aztertu eta hari jarraitzearen aldeko apustua egin dute, halaber. Alemaniako hiriburuan, hain zuzen ere, etxeen % 85 alokairuzkoak dira (heren bat, pribatuak), eta herri-ekimeneko erreferendum bat ari dira proposatzen, etxeko jabe handiei milaka etxebizitza desjabetzeko, Konstituzio alemaniarra abiapuntu.

Topaketan izan direnek, halaber, eztabaidatu dute gastu handiagorik eskatu behar ote zaien "etxebizitza-arloan BPGaren % 1 baino gutxiago inbertitzen duten Estatuei", eta aztertu dituzte ekimen legegile batzuk; besteak beste, EAEko Etxebizitza Legea izan dute hizpide, "hutsik dauden etxebizitzen desjabetzea edo, halaber, behartutako alokairua baimentzen baititu". Kataluniako Lege Dekretu jakin bat ere izan dute eztabaidagai; horrek "bankuak eta etxebizitzen jabe handiak behartu egiten ditu arrazoizko alokairua eskaintzera, etxegabetzea gauzatu aurretik".

Hernanin, ekintzaileek gonbit egin diete herritarrei, arratsalde honetan Donostiako Boulevarden eta Jose Maria Sert plazan Kaleratzeak Stop elkarteak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzeko. Elkarretaratze horien xedeak dira hiriaren turistifikazioa salatzea eta gaitzestea etxebizitzarekin espekulatzen duten inbertsio-funtsen jokabidea; halaber, eskatuko dute Benta Berri auzoko herritar baten aurkako etxegabetze-eskaera kentzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hernani argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Etxegabetzeak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Higiezinen merkatua gaur