Gizartea -

Haur-etxea programa

Euskal zaintzaileek umeak euren etxean hartu ahal izango dituzte

100 euroko kuotaren truke, trebatutako zaintzaileek 3 urte arteko umeak euren pisuetan hartuko dituzte. Eusko Jaurlaritzak abian jarritako programa berria da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lana eta familia uztartzeko programaren barruan, Jaurlaritzak zerbitzu berria iragarri du gaur eta, honen bitartez, zaintzaileek hiru urte arteko haurrak euren etxeetan hartu ahalko dituzte. Hileko kuota 100 eurokoa izango dela zehaztu du Eusko Jaurlaritzak. Uda bukatzean Bizkaian garatuko dute programa, eta datorren urtean Euskadi osora hedatuko da.

Gemma Zabaleta Gizarte Gaietako eta Enplegu sailburuak eta Loli Garcia Komunitateko Familia zuzendariak Bilbon aurkeztu dute ''Haur etxea'' programa. Trebatutako zaindariek 3 urte arteko umeak etxe partikularretan hartuko dituzte ekimen honi esker.

Frantzian eta Alemanian antzeko programak martxan jarri dituzte dagoeneko. Hasteko, Bizkaian bost ''etxe'' irekiko dituzte (horietatik bi Bilbon izango dira).

Jaurlaritzak aurreikusi duenez, datorren urtean 18 unitate abian jarriko dituzte Euskal Autonomia Erkidego osoan: 10 gehiago Bizkaian, 4 Araban eta beste 4 Gipuzkoan. "Etxe" bakoitzak urteko egun guztietako zaintza eskainiko du. Etxe bakoitzean, gehienez, lau ume zainduko dituzte.

Zabaletaren hitzetan, "malgutasun handia" eskainiko dute zerbitzu berri honekin: umeak lau eta zortzi ordu artean egon ahal izango dira etxeetan. Familiek umeen janaria eraman beharko dute.

Sailburuak azaldu duenez, umeen eta familien beharren araberako zerbitzua izango da.

Zerbitzua garatu ahal izateko Agintzari ekimen sozialarekin hitzarmena sinatu du Jaurlaritzak. Zaintzarien profila ere zehaztu dute: 30 urtetik gorakoa eta eskola-graduatua izan beharko da.

Zerbitzu berri honen truke hilean 100 euroko kuota ordaindu beharko dute familiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea