Gizartea -
Errioxa
Logroñon hildako umearen amonaren hilotza aurkitu dute Ebron
12:00ak aldera, emakumearen poltsa aurkitu dute ibaiertzean. Handik minutu gutxira eta 150 bat metrora haren gorpua topatu dute ibaian murgilduta.
Agentziak | Erredakzioa
Ebro ibaian, Logroño parean, aurkitu duten hilotza 5 urteko umearen amonaren gorpua da. Haren ama bere buruaz beste egiten saiatu ostean atxilotu dute, ikerketako iturrien arabera.
Poliziak dispositibo handi bat zabaldu du goizean goizetik Logroñoko zezen-plazaren atzealdean dagoen ibaiaren erriberan; 12:00ak aldera, emakumearen poltsa aurkitu dute bertan, eta minutu gutxira haren gorpua, 150 bat metrora, ibaian murgilduta.
Astelehen goizean, urtarrilak 27, bilobaren gorpua aurkitu zuten Logroñoko erdiguneko hotel bateko logelan, indarkeria zantzurik gabe, eta, ondorioz, bere ama atxilotu zuten, bere buruaz beste egiten saiatu ostean.
Amonak adingabearekin eta alabarekin batera igaro zituen azken orduak, baina ez zen hotelean haiekin geratu. Logroñon gertatutakoa berreraikitzen saiatu dira eta Haron zein Logroñon amona bilatzen hasi dira.
Umearen aitak, bikotekidearengandik bananduta, bere emazte ohiak ez zuela adingabea entregatzeko ordutegia bete salatu zuen Guardia Zibilaren aurrean, era berean, beste hiru aldiz gertatu izan zela adierazi zuen.
Atxilotuaren senide bat bere etxean aurkitutako agur gutun batzuk Guardia Zibilari ematera gerturatu zen.
Umearen ama anbulantzian eraman zuten hoteletik ospitalera, eta bertan atxilotuta jarraitzen du.
Hiru dolu-egun Haron
Haroko Udalak hiru dolu-egun ezarri ditu astearte honetan, urtarrilaren 28an, Logroñoko Los Bracos hotelean bost urteko neskatoa hilda aurkitu ondoren.
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "udal honetako Alkatetzak hiru eguneko dolu ofiziala ezarri du udalerri osoan, Carolina neskatoaren heriotza dela eta".
Era berean, "udal eraikinetako banderak masta erdian eta xingola beltzarekin" izango dira, eta astearte honetarako elkarretaratzea deitu dute, 20:30ean, Bakearen Plazan, "Carolinaren alde" mezuarekin.
"Hiru dolu-egunetan, Udalbatzak parte hartzen duen ekitaldi ofizial guztiak bertan behera geratzen dira", Udalak oharrean zabaldutakoaren arabera.