Gizartea -
Istripuak gutxitzeko
Nafarroako Gobernuak aurreratzeak mugatuko ditu N-121-A errepidean
Horrez gain, radar finkoak paratuko dituzte eta kamerak eta adimen artifiziala erabiliz aztertuko dute errepidea, gerora neurriak hartzeko. Oraingoz, baztertu egin dute kamioien zirkulazioa mugatzea.
Agentziak | Erredakzioa
N-121-A errepidean segurtasuna hobetze aldera, hainbat neurri iragarri ditu Nafarroako Gobernuak. Etorkizunean 2+1 bide bilakatuko dute, baina hori gertatu arte, istripu kopurua gutxitzeko neurriak hartuko ditu Foru Gobernuak, besteak beste, hiru erreiko zatietan aurreratzeak norabide bakarrera mugatzea.
Horrez gain, honako neurriak aurreikusi dituzte: Espainiako Trafiko Zuzendaritzari radar finkoak jartzea eskatzea, poliziaren presentzia indartzea patruilatze proaktibo eta guzti, kontzientzia hartzeko eta bide-segurtasunerako kanpainak egitea, bidea kamerak eta adimen artifiziala erabiliz aztertzea, seinaleztapen horizontala eta bide-zorua berritzea edota tuneletan argiak hobetzea.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak eta Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak bilera egin dute Baztan, Bera, Ezkabarte, Lesaka, Doneztebe eta Igantziko alkateekin. Alkateen ustez, kamioi gehiegi ibiltzen da errepidean, eta arrisku faktorea da. Ez dute garraio sektore horren kontra egin nahi, baina, diotenez, "premiazko konponbide bat" eman behar zaio arazoari. Horien ustez, nazioarteko garraioaren zirkulazioa mugatu beharko litzateke, errepidetik dabiltzan "kamioien % 60 baitira".
Aurreratzeak egiteko murrizketak direla eta, Nafarroako Gobernuak esan du norabide bakarrera mugatuko dituela errepideko hiru erreiko zatietan, ezbehar-tasa murrizte aldera. Neurri hori arrazoitzeko, Foruzaingoak N-121-A errepideko istripu-tasari buruz egindako txostena izan du kontuan Gobernuak. Horren arabera, arrisku-egoerak izaten dira beste ibilgailu bat aurreratzeko erdiko erreitik doazen ibilgailuen eta kontrako norabidean doazenen artean, eta, ondorioz, askotan bidetik ateratzen dira horietako batzuk eta aurrez aurreko edo alboz alboko talkak izaten dira. Neurri horrek bidea hobeto erabiltzea ekarriko du, eta aurreratzeak debekatuko ditu Iruñera bidean hiru tartetan eta beste horrenbeste gertatuko da Irunera bidean.
Halaber, eta teknologiak eskaintzen dituen aurrerapenak baliatuta, proiektu pilotu bat abiatzea aztertzen ari dira, kamerak eta adimen artifiziala erabiliz errepidea aztertu, eta, denbora errealean eta ondoren, jarduera eta ibilgailuen portaerak ikusteko. Abiadura, ibilbidea, klimatologia eta bestelako datuak batera aztertzeak informazio hobea ematen lagunduko du, ezbehar-tasa murrizteko neurriak etorkizunean hartze aldera.
Foruzaingoak egindako txosten baten arabera, azken lau urteetan 17 pertsona hil dira 12 istriputan; azkenak, urtarrilaren 12an. Donostiako eta Igantziko bi gazte hil ziren Olaguen. Istripu horietako bakarra izan zen kamioi baten erantzukizuna. Kasu horretan, gainera, kamioia bidetik irten zen, zuhaitz bat jo, eta su hartu zuen; alegia, ez zen tartean beste ibilgailurik izan.
Horren harira, Foru Gobernuak nabarmendu du oraingoz behintzat ez duela kamioien zirkulazioa mugatuko.
Bestalde, ANET eta Tradisna garraiolarien elkarteak eta Merkantzien Garraiorako Batzorde Nazionala azken neurri horren kontra agertu dira. Horien esanetan, kamioiak beste bide batetik bideratu dituzten kasuetan, "turismo gidariek konfiantzen gehiegi izaten dute, arreta galdu ohi dute, eta abiadura handiagoan ibiltzen dira, eta, ondorioz, istripu hilgarri gehiago izaten dira".