Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, emakume bati eraso egitea leporatuta
Erdiguneko taberna batean zeudela, etxera elkarrekin joatea proposatu dio gizonak emakumeari. Biktimaren etxeko atarian jazo da erasoa, sexu-harremanak izateari uko egin ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 20 urteko gizon bat atxilotu du ostiral honetan Gasteizen, emakume bati eraso egitea leporatuta, erdiguneko taberna batean elkar ezagutu eta ordu batzuk geroago.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, erasoa goizaldean jazo da, biktimaren etxeko atarian. Izan ere, erdiguneko taberna batean zeudela, etxera elkarrekin joatea proposatu dio gizonak emakumeari.
Lekura iritsi direnean, sexu-harremanak izateari uko egin dio, eta, gizonak, etxeko atarian bortxatu du. Ustezko erasotzailea, gertakariak jazo eta ordu gutxira atxilotu dute, Ertzaintzak ikerketa abiatu ostean.
Ildo horretatik, ikerketak irekita jarraitzen du, eta atxilotua ertzain-etxera eraman dute beharrezko eginbideak egiteko. Horiek amaitutakoan, epailearen esku utziko dute. Susmagarriak, polizia-aurrekariak ditu.