Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Sanferminetan gertatutako bi sexu-eraso salatu dituzte
Andrea elkartea 16 urteko neskato bat bortxatu ote duten ikertzen ari da. 22 urteko emakume batek ere sexu-eraso bat salatu du gaur, goizeko seietan.
Erredakzioa
22 urteko emakume batek sexu-eraso bat salatu du gaur goizeko seietan, sanferminetan. Erasotzailea, 30 eta 35 urte bitarteko gizonezkoa, momentuz ez dute atxilotu. Dirudienez, biktimak eta erasotzaileak San Nikolas kaleko taberna batean egin dute topo, eta erasoa Sarasate kaleko komunetan gertatu da.
Beste alde batetik, Andrea elkartea asteburuan bortxaketa bat gertatu ote den ikertzen ari da, Nafarroako ospitalean artatu zuten 16 urteko Iruñeko neska baten kasuan. Momentuz ez dago salaketarik, baina elkarte honek bortxaketa zantzuak ikusi ditu.
Udaletxe Plazan elkarretaratzea egin dute Iruñeko hainbat taldek gaur arratsaldean, sexu erasoak eta horien aurrean erakundeek izaten duten jarrera salatzeko.
Elkarretaratzean ‘Gora Iruñea!’ edo Jarana peñak parte hartu dute, 200 bat herritarrekin batera. ‘Emakumeon kontrako indarkeriarik ez’ leloa erakutsi dute pankarta batean.