Gizartea -
Gertakaria
Gizon batek inausteko zerra bat erabiliz eraso die beste biri Villabuenan
Ertzaintzak atxilotu du, bai eta erasoa pairatu duten bi lagunetako bat ere. Ertzaintzaren esanetan, erasotzailea kitatu gabe zegoen zorra bat ordaintzeko ari zitzaien eskatzen besteei.
Agentziak | Erredakzioa
41 urteko gizon batek inausteko zerra bat erabiliz eraso die beste bi gizoni Villabuenan, larunbatean (otsailaren 1ean). Ertzaintzak atxilotu egin du, bai eta erasoa pairatu duten bi lagunetako bat ere, 47 urtekoa bera. Ertzaintzaren esanetan, erasotzailea kitatu gabe zegoen zorra bat ordaintzeko ari zitzaien eskatzen biktimei.
Gertaera azken larunbateko 18:00ak aldera jazo zen. Orduan, Ertzaintzari jakinarazi zioten borroka bat zegoela Villabuenako kale batean. Hainbat patruila bertaratu ziren, eta hiru lagun identifikatu zituzten; horietako batek inausteko zerra makur bat zuen.
Gizonek emandako informazioaren arabera, tresna horren jabeak kitatu gabe zegoen zorra bat ordaintzeko eskatu zien beste biei, Ertzaintzak astelehen honetan esan duenez.
Une jakin batean, haien arteko eztabaida hasi zen, eta atxilotuetako batek zerra hartu zuen (hesi batean zuen ezkutatuta). Beste biri eraso zien, eta lesioak egin zizkien, batez ere bati; izan ere, azken horri esku bateko atzamar batzuetan ebakiak egin zizkion.
Anbulantzia bateko osasun-langileek erasoa jasan zuten bi lagunak artatu zituzten, eta, gerora, Logroñoko ospitale batera eraman zituzten.
Ertzaintzak Guardiako polizia-etxera eraman zuen erasotzailea, eta biktimetako bat ere atxilotu zuen; izan ere, Madrilgo Epaitegi batek atxiloketa-agindua zuen emana azken horren kontra. Erasotzailea igande goizean utzi zuten epailearen esku, eta beste atxilotua astelehen honetan eraman dute atxiloketa-agindua emana zuen Madrilgo Epaitegira.