Gizartea -

Indarkeria matxista

Xixonen hilotz topatutako emakumea bikotekide ohiak hil zuela baieztatu dute

41 urteko emakumearen gorpua otsailaren 3an topatu zuten. Bikotekide ohia atzo atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Aurtengo zortzigarren hilketa matxista da honakoa.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak gaur baieztatu duenez, Xixonen otsailaren 3an indarkeria zantzuekin hilotz topatu zuten emakumea bikotekide ohiak hil zuen, eta horrenbestez, urteko zortzigarren hilketa matxista dela nabarmendu du.

Lantokira agertu ez zela ohartarazi ostean, emakumearen gorpua Asturiasko hiri horretako etxebizitza batean topatu zuten hilaren 3an. Espainiako Poliziak atzo arratsaldean atxilotu zuen haren bikotekide ohia.

Genero Indarkeriaren kontrako Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak azaldu duenez, emakumea duela hilabete batzuk banatu zen, eta ez zegoen tratu txarren salaketarik.

Urtea hasi denetik zortzi emakume hil dituzte euren bikotekide edo bikotekide ohiek. Hiru adingabe geratu dira umezurtz.

2003tik, genero indarkeriaren estatistikak daudenetik, 1.041 dira hildako emakumeak. 2013tik, 281 adingabe geratu dira umezurtz, eta beste 35 hil dituzte aitek edo euren amen bikotekide edo bikotekide ohiek.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Asturias Erailketak