Gizartea -
Hilketak
Indarkeria matxistak beste bi emakume hil ditu Lugon eta Granadan
Lugon, akusatua arratsaldean atxilotu dute, biktimaren gorpua ostiral gauean agertu ondoren. Granadan, 24 urteko gazte bat atxilotu dute, bikotekide ohia hiltzea egotzita.
Agentzia | Erredakzioa
Poliziak bi gizon atxilotu ditu larunbat honetan, bat Lugon eta bestea Granadan, bi emakume hiltzea leporatuta. Bi biktimek arma zuriaren zauriak dituzte.
Lugon, gizon bat atxilotu dute arratsaldean bere bikotekidea hiltzea egotzita. Garerdiko emakumearen hilotza etxebizitza batean aurkitu zuten ostiral gauean. Gorpuak arma zuriaren zauriak zituen.
Gizona biktimaren bikotekidea zen iragan udatik. Atxilotuari hilketa, genero indarkeria eta indarkeria domestikoa egotzi dizkiote.
Biktimaren amak aurkitu zuen gorpua 22:00ak aldera Rua da Cerradurako etxebizitza batean, Lugoko As Gandaras auzoan.
Lugoko biktimaren etxebizitza. Argazkia: EFE
Bestalde, Granadan 24 urteko gazte bat atxilotu dute arratsaldean, bikotekide ohia hiltzea leporatuta. 39 urteko emakumeak arma zuriaren zauriak ditu.
Espainiako Poliziaren eta larrialdi zerbitzuko iturriek jakitera eman dutenez, hilketa 17:45 aldera gertatu da biktimaren etxebizitzan, Pavia kalean, Zaidin auzo jendetsuan.
Espainiako Gobernuaren Azpiordezkaritzako iturriek azaldu dutenez, krimen matxista baten aurrean dira eta dagoeneko bigarren hilketa matxista da probintzian, 2020an.