Gizartea -
Gertakaria
Bi lagun atxilotu dituzte Palentzian, seme jaioberria ibaira botatzeagatik
Husillos udalerrian gertatu da. 29 urteko gizon bat eta 23 urteko emakume bat atxilotu dituzte, umetxoaren gurasoak.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia Nazionalak bikote bat atxilotu du Palentzian (Gaztela eta Leon, Espainia) seme jaioberria Carrion ibaira botatzeagatik, Husillos herrian. 29 urteko gizon bat eta 23 urteko emakume bat dira atxilotuak, umetxoaren gurasoak, eta leporatutakoa onartu dute.
Polizia Nazionalak agiri batean jakinarazi duenez, jaioberria atxilotuek zehaztutako tokian aurkitu zuten, ibaiaren hondoan. Igandean ibili ziren gorpuaren bila, eta esandako tokian aurkitu zuten.
Igandeko 22:00ak aldera, Polizia Nazionalak dei bat jaso zuen, osasun-zentro batetik. Osasun-zentro horretan, emakume gazte bat ari ziren artatzen; emakumeak zioen umetxo batez erditua zela, baina ez zekiela umetxoa non zegoen. Emakumearen historian agertzen zenez, egun batzuk lehenago Larrialdietan artatu zuten, eta ohartarazi zioten arriskuko erditzea izan zitekeela; hortaz, espezializatutako beste osasun-zentro batera joateko esan omen zioten.
Emakumeak esan zuen aurreko egunean erditua zela umetxo batez, eta adierazi zien agenteei Palentziako industrialdeko edukiontzi batera bota egin zuela umea.
Polizia umea topatzen saiatu zen; horretarako, geldiarazi zituzten zabor-bilketak, umetxoa bizirik topatzeko itxaropenarekin. Polizia Nazionalak, Udaltzaingoak eta garbiketa-zerbitzuek 40 edukiontzi miatu zituzten, eta bi ordu baino gehiago eman zituzten umetxoaren bila, baina ez zuten umetxoa aurkitu.
Emakumeari alta eman zioten, eta medikuek Poliziari esan zioten erditzea ez zela larunbatean izan, baizik eta egun batzuk lehenago. Gerora, emakumea polizia-etxera eraman zuten, eta adierazi zuen umetxoa Palentziako leku jakin batean zegoela, berak eta bikotekideak lurperatuta. Biak eraman zituzten bertara, baina han ere ez zuten umea aurkitu.
Poliziak berriro galdekatu zituen gurasoak, eta horiek, azkenean, esan zuten erditzea urtarrilaren 28an izan zela eta orduan bota zutela jaioberria Carrion ibaira, Husillosen (300 bat biztanleko udalerria da, eta Palentziarik hamabi bat kilometrotara dago). Poliziak bikoteak zehaztutako azken toki horretan aurkitu zuen umetxoa.