Gizartea -

Lege proposamena

Eutanasiaren lehenengo legea babes handiarekin hasi da bidea egiten Kongresuan

PP, Vox, Na+ eta Foro Asturias izan dira kontra bozkatu duten bakarrak, eta PSOEri leporatu diote gaixoak eta adinekoak artatzeko neurrietan dirua aurrezteko onartu nahi duela legea.

Eutanasia legearen aldeko txaloak Kongresuan. Argazkia : Efe
Eutanasia legearen aldeko txaloak Kongresuan. Argazkia : Efe
Eutanasia legearen aldeko txaloak Kongresuan. Argazkia : Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuak izan dezakeen lehenengo eutanasia legeak Kongresuaren iragazkia igaro du gaur, alderdi guztien babesarekin, PP, Navarra Suma, Foro Asturias eta Vox izan ezik. Azken horiek, PSOEri leporatu diote gaixoak eta adinekoak artatzeko neurrietan dirua aurrezteko onartu nahi duela legea.

Aldeko 201 eta kontrako 140 boto jaso ditu lege proposamen sozialistak (Teruel Existe abstenitu egin da, eta Joan Capdevila ERCkoa ere bai), aurkeztu den aurreko bi aldietan bezalaxe. Aurrekoetan, legea ez zuten aurrera atera gorteak desegin zituztelako.

PSOEren ekimenari buruzko osoko bilkuran eztabaida gogorra izan dute, eta alderdi guztiek, Voxek izan ezik, legea hutsaltzea leporatu diote PPri, eta gogorarazi diote "eskubide bat" jasotzen duela legeak, ez duela "inor behartzen", Maria Luisa Carcedo Osasun ministro ohiaren esanetan.

Guztiz hunkituta, diputatu sozialista izan da proposamena aurkezteaz arduratu dena, eta azaldu du "gaixotasun sendaezina duten eta jasanezina zaien mina edo sufrimendua sortzen dien pertsonei hiltzen laguntzeko prozedura arautzen" duela.

Azpimarratu du eskubide horri bermeak emango dizkiola legeak, erabakia erabat askea izan dadin "presio sozial, ekonomiko edo familiarrik gabe".

Aurreratu duenez, "erosotasuna ahal den handiena izateko", erkidegoak izango dira burura eramango dutenak, euren osasun zerbitzuen bitartez.

Gainera, batzorde bat eratuko da kontzientzia eragozpena egikaritu nahi duten profesionalen kontrolerako.

Eztabaidaren ostean, Salvador Illa egungo Osasun ministroak txalotu egin du legeak duen babes sozial "zabal-zabala", eta gaixoentzat eta profesionalentzat berme guztiak eskaintzen dituela berretsi du.

Illak azpimarratu du "esfortzu guztia" egingo dutela legea "ahal bezain laster" onar dadin, eta Adriana Lastra bozeramaile sozialistak ekainean izan daitekeela aipatu du.

PPren ustez, ordea, legeak ez du inolako bermerik eskaintzen, atzean "finantza kontuak" daudelako, PSOEk gaixoak eta adinekoak artatzeko sistemaren aurrekontua aurreztu nahi duelakoan, Jose Ignacio Echaniz diputatuaren arabera.

Ekimen sozialistaren aurka agertu da Vox ere, eta Lourdes Méndez Monasterio bozeramaileak salatu du legeak "hiltzeko makina" bihurtzen duela Estatua, eta “medikuak konplize eta borrero, porrot egin duen pentsio sistemari erantzuteko".

Unidas Podemosetik, Pablo Echeniquek esan du eskuindarren jarrera "izorra dadila Ramon Sampedro" dela, tetraplegikoa zen eta eutanasia aldarrikatu zuen galiziarrari erreferentzia eginez.

Ciudadanosi dagokionez, Sara Gimenez kezkatuta agertu da PPk "horren garrantzitsua" den gai bat "hutsaldu" duelako, eta lege "berme-emailea" eskatu du. Joseba Agirretxea EAJkoak eta Oskar Matute EH Bildukoak ere bat egin dute PPren aurkako kritika horrekin.

Angel Hernandez Kongresuko gonbidatuen tribunan egon da. Hernandezek hiltzen lagundu zion Maria Jose Carrasco esklerosi anizdun emazteari, eta hasieran atxilotu egin zuten genero indarkeria leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Eutanasia Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak