Gizartea -
Migrazioa
Estrasburgok babestu egin ditu Melillako hesian egindako ‘berehalako kanporatzeak’
2014an Melillako hesia saltatu zuten bi etorkin kanporatzea babestu du GEEAk.
Agentziak | Erredakzioa
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak babestu egin ditu 2014an Melillako hesia saltatu zuten Saharaz hegoaldeko bi etorkinen kanporatzeak, izan ere, "baimenik gabeko lekuetara" eta "indarra erabiliz" sartzean "legez kanpoko egoeran" jarri ziren.
Espainiaren aldeko epaiak gaineratzen duenez, etorkinek "Espainian modu erregularrean sartzeko aukera ematen zieten legezko bideak ez erabiltzea erabaki zuten". Hala, epaiak ezeztatu egin du "aldez aurreko neurri judizialik gabeko kanporatze kolektiboagatik" emandako 2017ko zigor epaia.
Europako gorteko 17 epailek aho batez babestutako epaiaren arabera, Espainiak ez zituen urratu Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 13. artikulua (errekurtso eraginkorra izateko eskubidea) eta 4. protokoloko (kanporatze kolektiboen debekua) 4. artikulua.
Ezin da europar gobernuek hainbeste espero zuten epaiaren kontra helegiterik aurkeztu. Epaiak adierazten duenez, Estrasburgok “ezin du Estatua erantzule bihurtu, ez dagoelako Melillako kanporaketen kontrako helegitea aurkezteko aukera emango liekeen legezko errekurtso-biderik".
Bide legalik ez egoteak "berez ez du Hitzarmenaren 13. artikuluaren urratzen", gaineratu du.
Auzitegiak gogorarazi duenez, auzi-jartzaileek "Beni-Enzarreko muga-postuan Espainiako sarbide erreala eta eraginkorra izateko aukera izan zuten", baita Espainiako enbaxada eta kontsulatuengana jotzeko aukera ere.
Auzi-jartzaileak 2012 urte amaieran eta 2013 urte hasieran iritsi ziren Marokora. Gurugu mendi kanpamentu inprobisatuan kanpatu zuten zenbait hilabetez, harik eta 2014ko abuztuaren 13an hesiaren gainetik salto egin zuten arte, Saharaz hegoaldeko ia ehun bat lagunekin batera.
Behin kanporatuta, 2014ko urrian eta abenduan berriz sartzen saiatu ziren. Lehena Malira bidali zuten berriro, eta bigarrena Espainiako leku ezezagun batean dago.