Gizartea -
Herri Urrats
'Go!azen'en azken atala eta Izaroren kontzertua, Herri Urrats bultzatzeko
'Go!azen 6.0' telesailaren denboraldiko azken atalaren estreinaldia Hendaian egingo dute ostegun honetan. Izarok kontzertua eskainiko du Baionan, martxoaren 27an.
EITB.EUS
Ipar Euskal Herriko ikastolen festa datorren maiatzaren 10ean egingo dute Senperen, "Gaki Ge" (bagoaz) lelopean.
Alabaina, egun hori iritsi bitartean eta Herri Urratsi laguntzeko asmoz, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu ditu Seaskak. Hala, otsailaren 20an, 'Go!azen 6.0' telesailaren denboraldiko azken atalaren estreinaldia egingo dute Hendaian, Antoine Abadie gelan, 18:30ean.
Azken atal hori, halaber, hurrengo egunean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan.
Bestalde, Izaro Andres abeslariak kontzertua eskainiko du martxoaren 27an, Baionako Laugan. Sarrerak salgai daude jada.
Bi ekimen horiek aurkezteko agerraldia egin dute gaur goizean Baionan Ihintza Bidart Seasako koordinatzaileak, Josu Bilbao ETBko Fikzio edukien arduradunak, Xabier Zabaleta Pausokako Proiektu buruak, Danae Riaño eta Lorea Intxausti 'Go!azen'eko aktoreek eta Izaro Andres abeslariak.
Aurten, Ziburuko ikastolari laguntzea izango da Herri Urratsen helburua. Ikasle kopurua goraka egiten ari da eta zentroa txiki geratu zaie. Oraingoz ez dute erabakirik hartu, baina ikastetxea egokitzea edo berri bat egitea dira aukera nagusiak. Maiatzaren 10eko jaian bildutako diruak baldintzatuko du erabakia.