Gizartea -
Aste Nagusia 2011
Bilboko Konpartsek jai-eredu misto baten aldeko apustua berretsi dute
Udalaren jarrera salatu dute, "presioa egin eta gureak ez diren arazoetan nahasteko ahaleginak egiten dituzte".
Erredakzioa
Aste Nagusiko "jai-eredua bultzatu" eta "eredu misto baten aldeko apustua indartzearen alde" egin dute Bilboko Konpartsen ordezkariek. Gainera, Udalak egiten duen "esparru publikoaren" erabilera salatu dute, Kaska Gorri eta Txori Barrote konpartsei jarritako zigorrekin batera.
Prentsaurrekoan, Gari Goikoetxea Bilboko Konpartsetako kideak onartu egin du Udalarekin izandako kontaktuen fasea luzatu egin dela maiatzaran azken astera arte ez direlako zinegotzi berriak sartu. "Momentu hauetan erronda amaitu eta Aste Nagusiaren diseinua bukatuko dugu, ondoren jakitera emateko".
"Alderdiekin eta jai batzordeko presidentearekin izandako kontaktuetan diagnostiko berbera egin dugula uste dugu: egoerak ezin du orain arte bezala jarraitu", esan du Goikoetxeak. Horrez gain, "Udalak presioa egiten jarraitzen du eta gureak ez diren arazoetan nahastu nahi gaitu", salatu du.
Kontzertuak
"Hala ere, jaietako batzorde mistoaren funtzionamendua bideratu egin behar dugu, guztion artean. Eraginkorra izan behar du eta gure parte-hartzea bermatu", esan du Bilboko Konpartsaken ordezkariak, kontzertuak Miribillako kiroldegira eramateko aukeraren berri hedabideen bidez izan dutela deitoratu ostean.
"Doanekoak izaten jarraituko duten galdetzen diogu gure buruari. Gure ustez, hala izaten jarraitu behar du", azaldu du.
Azkenik, "Kaska Gorri eta Txori Barroteri jarritako zigorrei eusteak zilegitasuna galdu duela" azaldu du, izan ere, beste ustez, "jai eremuan askatasun adierazpena bermatu behar da".