Gizartea -

Indarkeria matxista

8 urteko zigorra ezarri diote gizon bati Bilbon, emakume bat hiltzen saiatzeagatik

Behin-behineko espetxealdian zegoela, gainera, ondorengo mezua idatzi zuen Bilboko Justizia Jauregiko ziegan: "Ez kezkatu, lehenago edo geroago hilko zara".

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 8 urteko kartzela-zigorra ezarri dio gizon bati Bilbon, bikotekide ohiari eraso egin eta bi labankadaz hiltzen saiatzea leporatuta. Behin-behineko espetxealdian zegoela, gainera, ondorengo mezua idatzi zuen Bilboko Justizia Jauregiko ziegan: "Ez kezkatu, lehenago edo geroago hilko zara".

Epaiaren arabera, 2014tik 2017ra bitartean izan ziren bikote, eta, urte horietan guztietan, gizona "emakumeari gailentzen" ahalegindu zen. Izan ere, auzipetuak ezin zuen jasan emakumea gizonentzat "deigarri" jotzen zuen arropa edota oinetakoak janztea, adibidez, takoiak. Bien arteko harremana amaitu izana ere ez zuen onartu.

2016ko abendutik 2017ko maiatzera arte, gizonak behin baino gehiagotan egin zion eraso emakumeari "janzteko moduagatik" edo "festaren batera joan nahi zuelako".

Eraso horien helburua "haren borondatea menderatzea zen, eguneroko bizitza normaltasunez garatzea galaraziz, bere pentsamoldeekin bat egin zezan". Horrez gain, dirua eskatzen zion, eta emakumeak bere borondatearen kontra eman behar zion.

Harremana apurtuta zegoela, 2017ko uztailaren 9an, bikotekide ohia bizi zen etxebizitzara joan zen auzipetua, eta eztabaida izan zuten, beste pertsona bat ezagutzen hasi zelako.

Gizonak etxetik irtetea galarazi zion emakumeari eta, hainbat ukabilkada eta ostikada eman zizkion "haren bizitzarekin amaitzeko asmoz". Ileetatik helduta, labana jarri zion lepoan, eta "hil egingo zaitut" esan zion.

Ondoren, labana sartu zion, lehenik, bizkarraren erdiko aldean, giltzurrunetatik gertu, eta, ondoren, sabelaldean, biktima "ahoz gora etzanda utzita". Korrika alde egin zuen gero, bikotekide ohia hil zuela sinetsita edo, behintzat, "min handia eragin ziola jakinda".

Auzipetuak, ordea, ez zuen bere helburua lortu, izan ere, etxetik alde egin zuenean biktimak laguntza eskatu ahal izan zuen, eta ospitale batera eraman zuten.

Ihes egin ostean, egun horretan bertan, auzipetuak trenbidera bota zuen labana, ertzainek topatu ez zezaten. Gero, bi lagunekin hitz egin zuen, eta odolez zikinduta zuen arropa aldatu zuen. Lagunek hainbat egunez gorde eta ezkutatu zioten hura hiltzen saiatu zenean jantzita zuen jertsea. Dena dela, epaiaren arabera, ez dago frogatuta gertakarien berri izan zutenik edo auzipetuaren plan horretan laguntzeko asmorik zutenik.

Testuinguru horretan, auzipetua, behin-behinean, espetxean sartu zuten gertakari horiengatik, eta 2017ko uztailaren 18an, , Bilboko Justizia Jauregiko ziega batean zegoela, biktimaren inguruko marrazki bat egin zuen horman, hura ikaratzeko asmoz, auzian salatzaile gisa parte hartu behar zuela zekielako, eta, ondorioz, horren berri izango zuelako. Zehazki, ondorengo mezua idatzi zuen: "Ez kezkatu, lehenago edo geroago hilko zara".

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio hilketa saiakeragatik eta sei hilabeteko espetxe-zigorra tratu txarrengatik, baita armak izateko eta biktimarekin hitz egiteko edota harengana hurbiltzeko debekua ere, zigorrak irauten duen bitartean.

Halaber, 216 egun eman beharko ditu gizarte lanetan, tratu txarrak, mehatxuak eta indarkeria egotzita, eta 4.000 euro ordaindu beharko dizkio bikotekide ohiari egindako lesioengatik, eta 15.000 euro, bikotekide ohiak jasandako ondorioengatik.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa