Gizartea -
Errepideetako istripuak
26 lagun hil dira errepideetan urteko asteburu beltzenean
2011n istripu gehieneko asteburua izan da bukatu berri dena. Guztira 21 istripu izan dira; horietako zortzi, gutxienez, abiadura desegokian gidatzeagatik.
Erredakzioa
Hogeita sei pertsona hil dira asteburu honetan, ostiraleko 15:00etatik igandeko 20:00ak arte Estatuan izan diren 21 auto-istripuetan, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak jakitera eman duenez.
Larunbatean, 11 istripu gertatu ziren, eta 16 pertsona hil ziren horien ondorioz. Gainera, bederatzi lagun larri zauritu ziren eta beste zortzik zauri arinak izan zituzten. Hildakoak eragin zituzten 21 auto-istripuetatik, gutxienez zortzi abiadura desegokian gidatzeagatik izan ziren. Hildakoen artean, 15 lagun 25 urtetik beherakoak ziren eta 6, motorzaleak.
Auto-istripu larriena larunbat arratsaldean jazo zen, Guadalajaran. Bost pertsona hil ziren CM-101 errepide autonomikoko 43,580 kilometroan, Jadraquetik sei kilometrora, bi ibilgailuk talka eginda.
Asteburu honetan, uztaileko bigarren hamabostaldiaren hasiera eta udako oporretako bigarren irteera-operazioa izan da. Hori dela eta, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak udako operatiboa jarri zuen martxan ostiralean, Estatuko errepideetan 4,1 milioi joan-etorri izango zirela aurreikusita.