Gizartea -
Zorigaitza mendian
Azken agurra egin diote Pirinioetan hildako emakume bizkaitarrari
Hileta-elizkizuna izan da Portugaleteko Santa Maria Basilikan. Igandean zabaldu zituzten hildako bi mendizale bizkaitarren hil-kaperak.
Erredakzioa
Naiara Larrinaga iragan astean Pirinioetako Anie mendian hil zen Portugaleteko emakumearen hileta-elizkizuna izan da gaur, 19:00etan, Santa Maria basilikan.
Portugaletek atzo esan zien agur Pirinioetan hildako mendizaleei. Anie mendiaren magalean hil ziren bi mendizaleen hil-kapera zabalik izan zen atzo Portugaleteko La Auxiliadora beilategian.
Larunbatean arratsaldeko 17:30ak aldera iritsi ziren Portugaletera 37 eta 40 urteko bi gazteen hilotzak, Iruñean autopsia egin ostean.
Heriotzaren arrazoiak
Momentuz, autopsiaren emaitzak jakitera eman arte ez dakite zergatik hil ziren bi mendizaleak. Hori bai, hipotesi nagusiaren arabera, hipotermiak jota hil ziren.
Hipotesi horrekin bat dator Jose Antonio Salterain mendizale bizkaitarraa, bi portugaletetarrak bizirik azkenekoz ikusi zituena, alegia. Salterainek Euskal Telebistako kamerei esandakoaren arabera, eurekin Anie gailurrera iristeko bi ordu falta zitzaizkienean gurutzatu zen, asteartean eguerdiko 12:30ak aldera.
Handik ordu bat eta erdira, ordea, 14:00ak aldera, testigu horrek azaldu duenez lainoa sartu zen, inguru horretan oso arriskutsua den fenomenoa, "laberinto bat" baita. Beraz, Salterainen ustez, lainoarekin bidea galduko zuten, eta gero ez zuten aurkitzea lortuko. Gau horretan, gainera, ekaitzak jo zuen inguruan.
Hiru egunez bilaketa lanetan aritu ostean, ostiralean larrialdi zerbitzuetako kideek Portugaleteko bi mendizaleen hilotzak aurkitu zituzten.
Banderak haga erdian
Portugaleten banderak haga erdian daude zorigaiztoko albistearen berri izan zenetik. Modu horretan, Udalak elkartasuna erakutsi nahi die Jon Alvarez eta Naiara Larrinagaren senitartekoei.