Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Tuteran, urtarrilean emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita
Erasoa urtarrilaren 11n gertatu zen Negua Pasealekuko haur-jolasleku batean. Emakume gazte batek erasoa salatu zuen.
Agentzia | Erredakzioa
Tuterako Foruzaingoak 37 urteko gizon bat atxilotu du orain dela gutxi, sexu-erasoa eta lapurreta leporatuta, baita lesioak ere.
Sexu-erasoa urtarrilaren 11an gertatu zen Tuterako Negua Pasealekuko haur-jolasleku batean. Emakume gazte batek erasoa salatu zuen. Erasotzaileak ihes egin zuen, zenbait oinezkok ezustean harrapatu ondoren, Foruzaingoak ohar batean azaldu duenez.
Hasiera batean, Tuterako Udaltzaingoa bertaratu zen. Zonaldea inguratu zuten, eta erasotzailea aurkitzen saiatu ziren.
Ondoren Foruzaingoko Polizia Judizialari eta Zientifikoari laguntza eskatu zieten, tokia ikuskatzeko eta frogak biltzeko.
Tuterako Polizia Judizialeko taldeak eta foruzainek ikerketa aurrera eraman dute. Lekukoen testigantzak, froga biologikoak eta 20 bat lokaleko segurtasun kameren grabazioak aztertu dituzte.
Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea, Tuteran (Nafarroa). Artxiboko irudia: EiTB
Lapurreta
Aldi berean, Tuterako Polizia Judizialeko agenteak abenduaren amaieran indarkeriaz egindako lapurreta ikertzen ari ziren.
Pertsona berak egin zituela aditzera eman zieten grabazioek eta testigantzek foruzainei. Orduan erasotzaileak mugikorra kentzeko emakume bat jipoitu eta ihes egin zuen.
Guzti horregatik, lankidetzarako dispositibo berezia martxan jarri zuten Foruzaingoko ikerketa talde ezberdinek. Horrela, gizona identifikatzea lortu zuten foruzainek.
Atxilotu ondoren, poliziek haren etxebizitza miatu eta lapurretako biktimaren mugikorra topatu zuten, baita sexu-erasoko biktimaren arropak ere.
Gainera, sexu-erasoa gertatu zen tokian bildutako DNA zantzuak aztertu zituzten. Ustezko erasotzailearen berdinak zirela egiaztatu zuten.
Foruzaingoak atxilotua epailearen esku utzi zuen ostegunean.