Gizartea -

Kalejira Alde Zaharrean

14 urteko adingabe bat zauritu da Espainiako Poliziaren operazio batean, Iruñean

Alde Zaharreko Jai Batzordeak salatu duenez, Espainiako Poliziak ibilgailuekin "14 urteko gaztea harrapatu zuen". Poliziaren hitzetan, ordea, "adingabeak korrika egin eta erorikoa izan zuen".

Ernai kolektiboak Espainiako Poliziaren operazioaren aurka deitutako protesta Iruñean. Irudia: EiTB
Ernai kolektiboak Espainiako Poliziaren operazioaren aurka deitutako protesta Iruñean. Irudia: EiTB
Ernai kolektiboak Espainiako Poliziaren operazioaren aurka deitutako protesta Iruñean. Irudia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Alde Zaharreko Jai Batzordeak ohar batean salatu duenez, Inauterietako kalejiran Espainiako Polizia auzoko "kaleetan indarkeriaz sartu" zen ostiralean, eta "14 urteko gazte bat harrapatu zuen".

Hala ere, Espainiako Poliziaren arabera, apustu-etxe baten aurkako erasoaren abisua jaso zuten, bertaratu eta zenbait pertsona identifikatu zituzten. Poliziaren ahotan, "adingabeak korrika egin eta erorikoa izan zuen", ETBk azaldu duenez.

Naiz-ek jakitera eman duenez, adingabeak ospitalean jarraitzen du larunbat honetan. Jai Batzordearen hitzetan, "harrapaketa baten ostean ezin da sekula zauritua mugitu", baina "ez zuten mugitu soilik, bere osasuna arriskuan jarriz, baita polizia-etxera eraman ere".

Jai Batzordeak adierazi duenez, une horretan, auzoko kaleak "Inauteritako ekitaldiengatik jendez lepo ziren; tentsioa eta beldurra eragin zuten".

"Poliziaren furgonetak abiadura handian sartu ziren gure auzoan, jolasten ari ziren txikiak eta familia guztiak arrisku handian jarriz", erantsi du Batzordeak. "Poliziaren presentzia eta jarrera" salatu ditu.

Horregatik, "zauritutako pertsonari, Jai Batzordeko eta Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideari", babesa adierazi diote. "Jarrera horiek ez dute tokirik", azpimarratu dute.

Bestalde, Iruñeko Ernai kolektiboak Espainiako Poliziaren aurka protesta egin du larunbat honetan.

Poliziaren furgoneta batek gaztea harrapatu duenik ukatu du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakitera eman duenez, mozorrotutako pertsona talde bat "jarrera oldarkorrarekin" sartu zen apustu-etxe batean eta beste denda batzuetan. Bertako jabeek Poliziari abisua eman zioten.

Bertaratu zirenean, poliziek zenbait lagun identifikatu zituzten, eta adingabe batek "korrika hasi eta estropezu egin zuen, baina ez zuten harrapatu", Ordezkaritzak erantsi duenez.

Poliziek "gaztea artatzeko anbulantzia deitu eta ez zuten polizia-etxera eraman", gaineratu duenez.

Bestalde, Eusko Alkartasunak Espainiako Poliziaren jokabidea salatu du, "nerabeak abiadura handian furgonetekin jazarriz eta gaztea harrapatuz". "Guztiz desegokia" ikusten du alderdi politikoak.

Horregatik, EAren ahotan, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak "poliziak identifikatu eta erantzukizunak zehaztu" beharko lituzke.

"Abiadura handian egindako jazarpena eta San Frantzisko kalean adingabea harrapatu izana larria da", azpimarratu du EAk. "Espainiako Poliziak anbulantzia deitzeari uko egin zion, nerabe zauritua artatzeko", erantsi du.

"Espainiako Poliziak gaztea eraman zuen polizia-etxera, atxilotuta, eta han azkenean anbulantzia bat bertaratu zen, adingabea ospitalera eramateko", azaldu duenez.

EAren iritziz, horrelako ekintza polizialak "onartezinak dira edozein gizarte demokratikoan, eta horiek desagertzea lehentasun bihurtu behar dugu".

Azkenik, "gazte adingabearen eskubideak era baketsuan eta arduratsuan babesten saiatu zen" Maiorga Ramirez EA eta EH Bilduko parlamentaria, eta horren inguruan "hainbat komunikabidek egindako intoxikazio-kanpaina" salatu du EAk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Inauteriak Salaketak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Alde Zaharreko albisteak