Gizartea -

Liskarra Kongresuan

Gorbata ez eramateagatik errieta egin dio Bonok Sebastiani

Energia aurrezteko neurrien eta gorbata eramatearen arteko erlazioaren inguruan liskarra izan dute Kongresuan, Jose Ramon Beloki EAJko dipututatuaren galdera bati erantzuna emateko tartean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Bono Kongresuko presidenteak errieta egin dio Miguel Sebastian Industria ministroari gorbata ez erabiltzeagatik. Horrez gain, gorbata erabiltzen dutenei "eskerrak" eman dizkie, ganbaran "janzkeraren diziplina" mantentzen laguntzen dutelako.

Energia aurrezteko neurrien eta gorbata eramatearen arteko erlazioaren inguruan liskarra izan dute Kongresuan, Jose Ramon Beloki EAJko dipututatuaren galdera bati erantzuna emateko tartean.

Orduan, Bonok hitza hartu eta Parlamentuko tenperatura aldatzea "oso zaila" dela azaldu du.

Bere hitzaldian, Sebastianek Japoniako adibidea jarri du: azaldu duenez, gorbata malgutasunez erabiltzearen alde egin dute Japonian. Parlamentuko tenperatura "hobeto kontrolatzeko" exijitu du Industria ministroak.

"Agian Japoniako lehen ministroa gorbatarik gabe joango da Parlamentura, baina ez dakit horrela egingo duen ere Japoniako enperadorearengana doanean", erantzun dio Bonok.

Kongresuko presidentearen ustez, diputatuek gorbata eta trajea "derrigorrez" eraman behar dute. "Agindu behar dugunok, adibide izan behar gara", gaineratu du.

Ekitalde ofizial gehienetan gorbata ez du erabili Miguel Sebastianek. Nabarmendu duenez, aire egokitua gradu bat jaitsiz energia aurreztu egiten da.

Saioa bukatzean, Bonok barkamena eskatu dio Sebastiani ''sms'' mezu baten bidez.

"Sms bat bidali diot barkamena eskatzeko eta tenperatura kontrolatu behar dugula onartzeko, baina gorbataren auzia eztabaidagarria da", azaldu du Bonok kazetarien aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea