Gizartea -

Zaldibarko luizia

Zaldibarren kutsatzaile arriskutsuak isurtzen ari direla ohartarazi du EH Bilduk

Mikel Otero legebiltzarkideak ohar baten bidez azaldu duenez, "zianuro, kromo, selenio, kadmio eta berun isurketak urteko batez besteko mugaren oso gainetik daude".

Zaldibarko luizia. Argazkia: EFE
Zaldibarko luizia.
Zaldibarko luizia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

URA Uraren Euskal Agentziak Zaldibarko zabortegiaren inguruko ibaietan egindako azterketen emaitzak "benetan txarrak eta kezkagarriak" direla ohartarazi du EH Bilduk, kutsatzaile arriskutsuen isurketek urtean batez beste baimendutako maila nabarmen gainditzen dutela erakusten dutelako.

Mikel Otero legebiltzarkideak ohar baten bidez azaldu duenez, "zianuro, kromo, selenio, kadmio eta berun isurketak urteko batez besteko mugaren oso gainetik daude".

Adibidez, selenioaren eta berunaren kasuan, URAk Aixola, Ego eta Ibur ibaietan antzeman dituen mailak urteko batez besteko onargarria baino 20 aldiz handiagoak dira, eta kadmioaren kasuan larriagotu egiten da egoera hori (80 aldiz gehiago).

Bere ustez, uren kutsadura neurtzeko erabiltzen den oxigeno eskaera kimikoaren parametroak ere negatiboak dira, Plan Hidrologikoan ezarritako erreferentzia bikoizten baitute.

"Amonio mailak altuak zirela eta metal astunak zeudela esanda zegoen, baita metal astun batzuen presentzia zegoela ere", baina EH Bilduren ustez, datu zehatzak ikusita inguru horretako gaur egungo egoera kezkatzeko modukoa da. Izan ere, "metal astun batzuen parametroak oso kutsagarriak dira, besteak beste, beruna eta kadmioa, Europar Batasunarentzat lehentasunezko kutsatzaileak direnak", eta "balio onargarriak izatetik oso urrun" agertzen dira.

EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, "egoera kezkagarria da, oso txarra, eta are okerragoa izateko arriskua dago, emaitza horiek okerrera egingo baitute euriteekin, ibaietara isurketak handiagoak izango baitira".

Ildo horretatik, isuri horiek Deba ibaira iritsi daitezkeela ohartarazi du, eta, ondorioz, Deba ibaiaren arro osoan lehenbailehen "arreta handia" jartzea eskatu du, "orain eta etorkizunean ere".

Halaber, azterketen emaitzak atzo arte jakitera eman ez izana salatu du Oterok, "behar baino askoz ere beranduago". "Atzerapen horiek izatea ez da onargarria, eta are gehiago datu kezkagarri hauekin", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Zaldibar Ingurumena Ura albisteak gaur Durangaldea albisteak Euskadiko kutsadura gaur Harri-jausiak