Gizartea -

PROTESTA

Hezkuntza publiko osoan euskaraz ikasi ahal izatea eskatu dute milaka lagunek Iruñean

3.000 eta 5.000 pertsona artean bildu dira "Euskara eskubidea, ni mas ni menos" lelopean 17:00etan Golem Zinemetatik abiatu den manifestazioan.

Iruñeko manifestazioaren pankarta nagusia. Argazkia: EFE
Iruñeko manifestazioaren pankarta nagusia.
Protesta jendetsua egin dute Iruñean, zenbait erakunderen ''euskarafobia'' salatzeko

1:15

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskara eskubidea, ni mas ni menos" lelopean, manifestazio jendetsua egin dute gaur arratsaldean Iruñean, Nafarroako zenbait erakunderen "euskarafobia" salatzeko eta hezkuntza publikoan euskaraz ikasi ahal izatea defendatzeko, bai Nafarroa osoan baita hezkuntza ziklo guztietan ere.

Euskararen aldeko hainbat kolektibok eta guraso talde batek deituta, 17:00etan abiatu da martxa Iruñeko Golem Zinemetatik. 5.000 pertsonak hartu dute parte antolatzaileen arabera, eta 3.000k Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzaren arabera.

Guraso eta haurrez gain, protestan izan dira Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos Nafarroa koalizio eta alderdiak; ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuak; eta kultur arloko hainbat eragile.

Manifestazioaren buruan, haur-aulkitxoz osatutako bi zutabe. Haurrek, eserita, eta globo gorriak eskuan zituztela, ireki dute martxa, gurasoek aulkitxoei bultza egiten zieten bitartean. Pankarta nagusiaren atzetik, beste hainba pankarta txikiago eraman dituzte, eta "Nafarroa euskaraz" izan da lelo nagusia.

manifa

Iruñean ikusi den pankartetako bat. Argazkia: EFE

Iruñea zeharkatu eta Sarasate Paseora iritsitakoan, agiria irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, hainbat gurasok eta UPNAko ikasle batek. Hala, 70eko hamarkadan lehen ikastolak martxan jarri zirenetik egoerak onera egin duen arren, oztopoek hor jarraitzen dutela salatu dute.

"Euskaraz eta euskara modu eroso batean bizitzeko aukera izan nahi genuke" esan dute, gure "eskubidea" baita. Nafarroa osoan, eta hezkuntza maila guztietan (haur eskoletan, derrigorrezko hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean) euskaraz ikasi ahal izatea erreibindikatu dute.

Nafarroako Gobernuaren ardura dela nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea gogorarazi dute, ezin dutela inor "bigarren mailako herritar gisa" tratatu eta bide hori jorratzeko deia egin dute.

Ildo horretan, azken garaiotan izan diren "euskararen aurkako erasoak" salatu dituzte. "Batetik, Iruñeko Udalak erdira jaitsi nahi ditu euskarazko haur eskolak, eskaintza gehiegi dagoela argudiatuz, datuek argi uzten dutenean euskarazko plaza guztiak bete egiten direla".

Bestalde, "Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza departamentuak iragarri du ez duela D eredua eskainiko Mendigorrian, eskaria badagoen arren. Eta departamentu berberak ez du onartu Castejongo ikastetxea PAI eredutik irten eta D eredua eskaintzen hastea. Hori gutxi balitz, aurtengo matrikulazio kanpainan, Nafarroako Gobernuak ez du laguntzarik eman D ereduaren aldeko kanpainan" azaldu dute.

manifa iruña

Iruñean ikusi den pankartetako bat. Argazkia: EFE

Euskarazko zonaldean ere arazoak daudela nabarmendu dute: "Sakanan, adibidez, arazoak daude lanbide heziketa euskaraz ikasteko" eta gauza bera Nafarroako Unibertsitatean ere.

Egoera hau salatzeko egiten ari diren ekimenen baitan, Mendigorriako familiak Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordera joango dira martxoaren 5ean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Iruñeko Udala