Gizartea -

Koronabirusa

Bizkaiak osasun-laguntzaileko Lan Eskaintza Publikoa atzeratu du, koronabirusagatik

Martxoaren 11n zen egitekoa, eta orain ez du data berririk. Horrez gain, zirkularra bidali dute adinekoen egoitza- eta laguntza-zentro guztietara, Jaurlaritzaren gomendioekin.

BECen izandako beste LEP baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
BECen izandako beste LEP baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
BECen izandako beste LEP baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak Gizarte Laguntzaren Foru Institutuak bere Lan Eskaintza Publikoaren barnean hilaren 11n egitekoa zuen proba psikoteknikoa atzeratu du, oraingoz beste datarik jarri gabe, koronabirusagatik. Hain zuzen ere, osasun-laguntzailea izateko Lan Eskaintza Publikoa da, eta BECen zegoen deituta. Bizkaiko Aldundiak koronabirusaren balizko kutsadurak saihesteko hartu du erabakia.

COVID-19 gaixotasunari aurre egiteko, Foru Gobernuak beste neurri batzuk ere hartu ditu; zirkularra bidali du adinekoen egoitza- eta laguntza-zentro guztietara, Eusko Jaurlaritzak koronabirusari aurre egiteko emandako gomendioekin.

Aldundiak ohar bidez zabaldu duenez, Lan Eskaintza Publikoaren epaimahaiak ezohiko premiazko bilera egin du (Gizarte Ekintza Departamentuak deitu ditu probak); bertan adostu dute martxoaren 11rako deituta zegoen proba atzeratzea. 1.750 lagun zeuden deituta, eta 126 lanpostu eskaintzen dira.

Azterketa egin behar dutenak laguntza- eta osasun-zentroetan lan egiten duten profesionalak dira; hortaz, Aldundiaren iritziz, gomendagarria da proba atzeratzea, koronabirusa ez kutsatzeko.

Prozesu honetan, lau proba daude, eta hilaren 11koa hirugarrena zen. Urrian hasi zen Lan Eskaintza Publiko hau. Aldundiak zehaztuko du noiz ekingo dioten berriro prozesuari.

Adinekoen egoitzak

Prebentziozko neurri horrez gain, Aldundiak adinekoen egoitzetan ere jarraituko du egoera arreta handiz; izan ere, "kutsadurarik balego, berebiziko ahultasuna du kolektibo horrek".

Bizkaiko 157 egoitzetara, eguneko zentroetara eta alzheimer- eta parkinson-gaixoak artatzen dituzten zentroetara, Aldundiak zirkularra bidali du, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren gomendio espezifikoak helaraztea helburu. Gomendio horiek erabiltzaileek, profesionalek eta bisitariek hartuko beharko dituzte kontuan.

Foru Administraritzako langile guztientzako protokoloa ere abiatu dute; halaber, Aldundiak lan-mahaia osatu du, gaia une oro jarraitzeko, Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia BEC albisteak Lana Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia