Gizartea -

MIGRAZIOAREN DRAMA

Zaporeak erakundeak Lesbosen jarraituko du, "errefuxiatuak bakarrik ez uzteko"

Gobernuz kanpoko erakunde horretako hainbat kidek talde faxista baten erasoa jasan zuten Lesbosen.

Zaporeak GKEren prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
Zaporeak GKEren prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
Zaporeak GKEren prentsaurrekoa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean Lesbos (Grezia) uhartean "talde faxista" baten erasoa jasan zuten Zaporeak GKE gipuzkoarreko kideek lan humanitarioarekin jarraituko dutela ohartarazi dute, beti ere boluntarioen bizitza arriskuan jartzen ez bada, ezin baitituzte errefuxiatuak "alde batera utzi".

Erasoa jasan zuten erakundeko hainbat kidek, Pello eta Zazpi Garcia Amiano haien artean, bizitako esperientzia gogorra kontatu dute prentsaurreko batean Donostian. Hartan, udal talde guztietako ordezkarien babesa jaso dute, Eneko Goia alkatea buru zutelarik.

Jasandako eraso "sadikoa" igande arratsaldean izan zela gogorarazi du Pello Garcia Amianok, Zaporeak taldeko kideak errefuxiatuei janaria banatzetik zetozenean.

Momentu hartan, "pikete" batek taldeko kideak eraso zituen, furgoneta eta GKEko kideak eta Estrella Vallejo kazetaria zihoazen autoa inguratuz.

Erasotzaileek kolpeak eta astinduak eman zizkieten karabanako kideei eta pistola batekin mehatxatu zuten haietako bat. Gainera, hainbat kalte eragin zituzten bi ibilgailuetan.

Guztiek onik irtetea eta poliziarengana joatea lortu zuten. Aldiz, GKEko arduradunek janariaren banaketa gelditzea erabaki dute egun batzuetarako.

"Ez ginela irtengo pentsatzen genuen, ez ginela etxera itzuliko", gogoratu du Pello Garcia Amianok, baina Lesbosen lanean jarraituko dutela ziurtatu du eta ez dutela "amore emango", beti ere boluntarioen bizitza arriskuan jarri gabe.

Ezin dituztela errefuxiatuak alde batera utzi adierazi du, "hil egingo baitituzte", eta Zaporeak "bi edo hiru egun" itxaroten ari dela azaldu du, tentsioa jaitsi arte,janari banaketa berriz martxan jartzeko.

Zaporeak erakundearen lana "oso humanitarioa" dela gogorarazi du Zazpi Garcia Amianok. "Ez gara inorekin nahasten eta bakarrik jaten ematen dugu", nabarmendu du.

Lesbosko "gehienek" Gipuzkoako erakundearen lana babesten dutela ziurtatu du eta errefuxiatuekin daudela, eta "astakirtentzat" jo ditu erasotzaileak.

"Eskuin muturra Europatik libre ibiltzea" deitoratu du eta errealitate horren kontrako "neurriak" hartzera deitu ditu Europako arduradunak.

"Garrantzitsuena errefuxiatuak dira, zein baldintzatan dauden, eta europarrok zer egiten ari garen", adierazi du Zazpi Garcia Amianok.

Lesbosen jasandako erasoa gaitzetsi dute Donostiako udal talde guztiek EH Bilduk proposatutako eztabaida batean. Udalak "faxismoaren kontrako konpromisoa" berretsi du, eta "giza eskubideetan, justizian eta elkartasunean oinarritutako politika berri bat" eskatu dio Europar Batasunari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gerra Siria Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Gizartea EH Bildu Grezia Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Gosea Gobernuz Kanpoko Erakundeak Siria gaur