Gizartea -
Haizeak eragindako arazoak
Etxera itzuli dira Barakaldon aldamio bat erori ostean kaleratu zituzten bizilagunak
Etxetik kanpo jarraitzen duten bizilagunak hiriko hotel batera eraman dituzte. Vicente Alexandre kalea itxita dago oraindik, aldamioa kendu arte.
Agentziak | Erredakzioa
Dagoeneko etxean dira herenegun izandako haize indartsuaren ondorioz Barakaldon kaleratu zituzten bizilagun gehienak. Zehazki, Gurutzeta auzoko eraikin batean jarritako aldamio bat erori ondoren atera zituzten etxetik.
Barakaldoko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, aldamioa erori ostean kaleratu zituzten 64 familietatik 58 euren etxeetan igaro dute gaua; gehienak La Paz kaleko 32. eta 34. zenbakiko bizilagunak.
Anaitasuna kaleko 18. zenbakiko bost familia ere etxera itzuli dira, eroritako aldamioa ingurutik kentzeko lanetan aurrera egin ostean.
Halaber, Vicente Alexandre kaleko 10. zenbakiko bizilagun batzuek ere haien etxeetan itzultzeko aukera izan dute. Alabaina, 1, 2, 3, 4, 5 eta 6 C etxeetako bizilagunek etxetik kanpo igaro behar izan dute gaua.
Hala, etxetik kanpo jarraitzen duten bizilagunak hiriko hotel batera eraman dituzte, Amaia del Campo alkateak fatxada eraberritzeko ardura zuen enpresari eskaera egin ostean.
Testuinguru horretan, Vicente Alexandre kalea itxita dago oraindik eta, aldamioa guztiz kendu arte, hiriko autobus batzuen (1.linea) ibilbidea aldatu da, eta San Inazio eta Anaitasuna geltokiak bertan behera geratu dira.
Horien ordez, behin-behineko bi geraleku jarri dituzte: bata, La Paz kaleko 43. zenbakiaren ondoan dagoen Bizkaibuseko geralekuan, eta bestea, La Paz kalean, Anaitasuna kalearekiko bidegurutzearen ondoan.
Hamabi solairuko eraikin bateko fatxadan jarritako aldamioa asteartean erori zen, 16:15ean, haize-ufada bortitzen ondorioz. Atzo aldamioa kentzen aritu ziren, baina oraindik ez dute erabat kendu eta gaur berriro ekingo diete lanei.