Gizartea -

Koronabirusa

Gasteizko egoitza bat koarentenan eta beste bat itxita, koronabirusagatik

San Martin auzoan dagoen zentro pribatu batean ezarri dute prebentzio-neurria, 26 kasu positibo atzeman baitituzte. Pablo Neruda kaleko adineko pertsonentzako eguneko zentroa ere itxi dute.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zahar-egoitza batean koarentena ezarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, azken egunotan atzeman diren koronabirus kasuen aurrean. Zehazki, Gasteizko San Martin auzoan dagoen zentro pribatu bat da kaltetutakoa.

Azken egunotan 26 kasu positibo atzeman dituzte Sanitasek kudeatzen duen egoitza horretan (22 adineko, horietako bi azken orduotan hil dira, eta lau langile), eta horregatik hartu dute koarentenan jartzeko erabakia.

Ondorioz, adinekoek ezin dute bisitarik jaso, eta gune irekietan aurreikusitako jarduera guztiak bertan behera geratu dira. Horrela, egoitza horretako erabiltzaileak logeletan isolatuta daude. Langileek, berriz, jantzi bereziak erabili behar dituzte COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzetik babesteko.

Astelehen honetan, Bastidako ikastolan eta ikastetxe publikoan klaseak bertan behera geratu direla baieztatu du Hezkuntza Sailak, baita Gasteizko ikastola batean ere, koronabirusaren hedapena saihesteko prebentzio-neurri gisa.

Igandean, koronabirusa zuten hiru gaixo hil zirela baieztatu zuen Osasun Sailak, eta, horrenbestez, dagoeneko bost pertsona hil dira Euskadin. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 102 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte (horietatik 37 ospitalean daude; 6, zainketa intentsiboen unitatean), eta 5 gaixo hil dira.

Araban, 26 positibo gehiago izan dira; beraz, dagoeneko 79k eman dute positibo koronabirusa atzemateko proban. 79 positibo horietako 23 ospitalean daude, horietako 5 zainketa intentsiboen unitatean.

Adineko pertsonentzako eguneko zentro bat itxi dute Gasteizen

Txagorritxuko Ospitalearen inguruan, Pablo Neruda kalean, dagoen adineko pertsonentzako eguneko zentro bat itxi egin dute, koronabirusa zabal ez dadin. Zentro hori Arabako Foru Aldundiaren menpe dago, eta 35 lagunentzako tokia du.

Arabako Foru Aldundiko iturriek Efe albiste-agentziari baieztatu diotenez, oraindik zehaztu gabe dagoen aldi baterako itxi dute zentro hori, baina ez dute erabaki hori justifikatzeko arrazoien berri eman, ezta erabiltzaileren batek positiborik eman duen jakinarazi ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Adinekoak gaur