Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Eskolarik gabeko lehen eguna 60.000 ikaslerentzat Gasteizen, izurritea zabal ez dadin

eitb.eus

Neurriak Gasteizko eskola-sareko 53.000 ikasleri eta 8.000 unibertsitarioei eragiten die, baita era guztietako zentroei ere, Ertzaintzaren akademiari barne.

1:21
Gelak hutsik egon dira gaur

Astearte honetan, Gasteizko 60.000 ikasle baino gehiagok klaserik gabeko lehen eguna dute, Eusko Jaurlaritzak hiriko ikastetxe guztietan eskola-jarduera bi astez etetea gomendatu ondoren. Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko asmoz hartutako prebentzio-neurria da.

Unibertsitatez kanpoko 62 ikastetxeri eta EHUko zazpi zentrori eragiten die salbuespenezko neurri horrek, eta, beraz, eskola sareko 53.000 ikasle inguruk eta unibertsitateko 8.000 bat ikaslek ez dute klaserik izango. Datu horri, gainera, era guztietako akademietako ikasleak gehitu behar zaizkio, Bastidako bi ikastetxeetako ikasleak, Guardiako institutukoak, baita Arabako Errioxako beste datu batzuk ere. Gauzak horrela, guztira 63.000 ikasle geratuko dira haien etxeetan.

Zehazki, eskolak martxoaren 23ra arte geratu dira bertan behera, baina irakasleek normaltasunez joan behar dute beren lanpostuetara, eskola jarduerari lotutako beste zeregin batzuk egiteko. Zenbait ikastetxetan, irakasleek etxeko lanak bidaliko dizkiete ikasleei, datozen egunotan ikasketak alde batera ez uzteko eta etxetik ikasgaiekin jarraitu ahal izateko.

Ildo horretatik, EHUk prestakuntzarekin jarraitzeko aukera bermatu nahi die Arabako campuseko ikasleei, eta, horretarako, titulazio desberdinetara egokitutako planak prestatu dituzte, irakaskuntza ikasgeletatik kanpo ahalbidetuz.

Goizean, guraso askok erabaki zaila hartu behar izan dute haien lanpostuetara joan aurretik, izan ere, kasu askotan adingabeak aiton-amonekin utzi dituzte, jakitun izanik adineko pertsonak direla zaurgarrienak. Horren harira, gurasoen zaintza errazteko asmoz ordaindutako baimenak emateko aukera Espainiako Gobernuarekin batera aztertzen ari direla azaldu du Nekane Murga Osasun sailburuak.

Neurriak eskola publikoetan eta pribatuetan izango du eragina, baita eskolaz kanpoko jardueretan ere. Halaber, Ertzaintzaren akademian, bertan behera geratu dira zentroko ikastaro guztiak koronabirusa ez zabaltzeko neurri gisa. Berriro martxan jartzeko agindua eman arte egongo da zentroa itxita.

Gainera, 5.000 pertsona baino gehiago bil ditzaketen ekitaldiak kasuz kasu aztertuko dituzte, hala dagokinean bertan behera uzteko edo ateak itxita egiteko. 500 lagun baino gehiago bildu daitezkeen ekitaldietan, ikusleen artean metro bateko distantzia bermatzeko neurriak hartuko dituzte.

Hezkuntza Saila EAEko ikastetxeetako arduradunekin eta hezkuntzako sindikatuekin bildu zen atzo, koronabirusak hezkuntza sisteman izango dituen ondorioen berri emateko, hainbat positibo atzeman ondoren.

Hezkuntza Sailaren iturriek argi utzi dutenez, helburua da birusa ez hedatzea, "umeek erraz kutsatzen baitute gaixotasuna", baina berretsi dutenez, "ez dago osasun-arazorik".

Neurri zehatzak

Ikasleentzat aurreikusitako neurrien artean, gurasoek tenperatura hartu beharko diete haurrei eskolara joan aurretik; eta 37 gradu baino gehiago edo arnasketa arazoak badituzte, etxean geratu beharko dira.

Eusko Jaurlaritzak iragarri du "kasuz kasu" aztertuko dituztela Gasteizen egingo diren kultur edo kirol ekitaldi jendetsuenak, 5.000tik gora pertsona biltzen dituztenak, eta 500dik gorakoei agindu die "aholku argiak" eman ditzatela txarteldegian eta sarreran jenderik ez pilatzeko eta bertaratutakoen artean metro bateko distantzia egoteko.

Osasun sailburuaren arabera, Gasteizerako hartu dituzten erabakiok "behin behinekoak eta prebentziozkoak" dira datozen bi asteetarako, eta berraztertu egingo dituzte joeraren arabera.

Bestalde, Osasun Ministerioak, erkidegoekin elkarlanean, telelana eta ordutegi malgutasuna aholkatu du Madrilgo Erkidegoan, Gasteizen eta Bastidan, koronabirusa zabaltzeko eremu arriskutsuak diren heinean, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak erkidegoetako osasun agintariekin batzarra egin ostean iragarri duenez.

Gainera, Espetxe Zuzendaritzak koronabirusaz kutsatzeko eremu arriskutsuetan, Araban adibidez, bisitak eta komunikazioak bertan behera uzteko agindu die espetxeei.

Udal-titulartasuna duten hezkuntza-zentroak itxiko dituzte Gasteizen

Halaber, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun Sailekin koordinatuta, udal-titulartasuna duten hezkuntza-zentroetako Zuzendaritzei eta langile teknikoei esan die 15 egunez utziko duela jarduera bertan behera zentro horietan.

Horrek ondorengoetan izango du eragina: udal-haurreskoletan (Haurtzaro, Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta eta Zabalgana), Luis Aranburu Musoka Eskolan, Folklore Akademian, Jose Urueña Dantza Kontserbatorioan, eta Arte eta Lanbide Eskolan.

Udalak jakitera eman duenez, udal Gobernuaren taldearen ezohiko bileran hartu dute erabaki hori. Gerora, talde politikoei eman diete horren berri.

Hezkuntza-arloko udal-zerbitzu eta ekipamenduetan izango du eragina neurri horrek. Arratsaldean, nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak bilera deitu du, eta hainbat erakunde izango dira bertan; baliteke beste neurri batzuk ere ezartzea.

Gasteizen, udal-sailetako zinegotziak eta zuzendariak ere koordinatuta arituko dira, egoera aztertu eta neurri osagarriak hartu behar ote diren eztabaidatzeko.

Sei hildako eta 148 kasu positibo EAEn

Igandean, Osasun Sailak koronabirusa zuten hiru pertsona hil direla baieztatu zuen, baina gaur bertan beste bat hil da; beraz, dagoeneko sei dira Euskadin hildakoak. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 148 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte.

Igandeaz geroztik, 46 positibo berri izan dira Euskadin. Araban dituzte positibo gehien, 122 kasu atzeman baitituzte; horietatik 43, azken orduetan. Bizkaian, 21 dira atzemandako kasuak (atzo baino bat gehiago), eta Gipuzkoan, bost (bi gehiago).

Horrez gain, EAEko zahar-egoitza batean koarentena ezarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Zehazki, Gasteizko San Martin auzoan dagoen zentro pribatu bat da kaltetutakoa; halaber, Pablo Neruda kaleko adineko pertsonentzako eguneko zentroa ere itxi dute.

Koronabirusarekin kutsatu dira hiru adingabe azken 24 orduetan EAEn, baina osasun egoera onean daude, Nekane Murga Osasun sailburuak Gasteizen emandako prentsaurreko batean azaldu duenez.

Bastidan eta Guardian ere, eskola batzuk itxita

Araban ere, Bastidan, bertako bi ikastetxeak gutxienez bi astez egongo dira itxita, salbuespen neurri gisa, kasu positibo bat atzeman ostean. Antza denez, bi astez isolatuta egon behar zuen haur batek ez zuen gomendioa bete, eta bi ikastetxetako ikasleen arteko futbol partida batean parte hartu zuen. Hala, pertsona gehiago kutsatuta izateko arriskuaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak prebentzio gisa hartu du neurri hori. Koronabirusaren eraginez klaseak bertan behera utzi dituzten lehen bi ikastetxeak izan dira Espainiako Estatuan.

Bastida eta Haro artean 6 kilometro daude, eta foku kezkagarrienetako bat bertan atzeman zuten; izan ere, duela bi aste Gasteizko hileta-elizkizun batera joan ziren 60 pertsona inguru kutsatu ziren, eta, ondorioz, herri horretako hainbat bizilagun koarentenan jarri behar izan dituzte.

Horrez gain, Guardiako institutua ere itxiko dute, Bastidatik eta Harotik gertu baitago.

Arkaute, itxita

Malentxo Arruabarrena Arkaute Ertzaintzaren akademiako zuzendari nagusiak iragarri du bertan behera geratu direla zentroko ikastaro guztiak koronabirusa ez zabaltzeko neurri gisa. Berriro martxan jartzeko agindua eman arte egongo da zentroa itxita.

Gaur egun martxan dauden kurtsoei edo hastera zihoazenei eragingo die neurriak. Izan ere, Ertzaintzaren 28. promozioko agenteen kurtsoa zen hastekoa.

Era berean, Udaltzaingoan sartzeko prozesuak eta suhiltzaileekin lotutako ikastaro batzuk ere bertan behera geratu dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena