Gizartea -

Bilbon

Gizon bat espetxeratu dute gimnasio batean neska bati sexu-erasoa egitea egotzita

Bizkarrean giharretako arazo bat duen neska gazteari masaje bat emateko eskaini zen entrenatzailea. Gizonak itxaron egin zuen masajea egiteko, lokalean beste inor geratzen ez zenean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko gimnasio bateko entrenatzaile bat, 33 urtekoa, behin-behineko espetxealdian sartu dute igandean bizkarrean masaje bat egiteko prest agertu zen neska bati sexu-erasoa egitea egotzita, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Erasoa igande arratsaldeko lehen orduan gertatu zen. Orain kartzelan dagoen gizonak, aipatutako gimnasioko entrenatzaileak, masaje bat eman zion bizkarrean muskulu-arazo bat zuen bezero bati, minduta baitzegoen.

Entrenatzaileak itxaron egin zuen masajea egiteko, lokalean beste inor geratzen ez zenean. Une horretan, sexu-erasoa egin zion. Gertaeraren ostean, gazteak alde egin zuen, lagun batekin harremanetan jarri zen eta Ertzaintzari eman zion gertatutakoaren berri.

Ertzaintzak gertatutakoari buruzko informazio guztia bildu zuen, ustezko erasotzailearekin harremanetan jarri zen eta astelehenean deitu zuen Bilboko ertzain-etxean, gertatutakoari buruzko deklarazioa egin zezan.

Ondoren, ertzainek atxilotu egin zuten, sexu-erasoko delitu bat egotzita. Behin eginbideak amaituta, epailearen esku utzi zuten, eta epaileak berehala espetxeratzeko agindu zuen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak