Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Hernanin, bi emakumeri sexu-abusuak egitea egotzita

Udalerriko errugbi taldeko jokalaria da, baina Hernani Club Rugby Elkarteak "hurrengo kirol ekitaldietatik kanpo uztea erabaki du, kautelazko neurri gisa".

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

22 urteko gizon bat atxilotu dute Hernanin, igande goizaldean bi emakumeri sexu-abusuak egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez.

Eraso matxista herriko erdigunean dagoen lokal batean jazo zen. Une jakin batean, ustezko erasotzaileak sexu-ukituak egin zizkien neska bati eta berarekin zegoen lagun bati.

Handik denbora gutxira, udaltzainek Hernaniko beste lokal batean aurkitu eta identifikatu zuten gizona, udalerriko errugbi taldeko jokalaria bera.

Hurrengo egunean, Ertzaintzak ertzain-etxera joateko eskatu zion jokalariari, eta bertan atxilotu zuten. Gertatutakoaren inguruko deklarazioa hartu ondoren, aske geratu zen, epailearen aurrean agertzeko zain.

Asteazken honetan, Hernani Club Rugby Elkarteak ohar bat kaleratu du, udalerriko errugbi taldeko jokalaria "hurrengo kirol ekitaldietatik kanpo uztea" erabaki dutela azalduz, "kautelazko neurri gisa".

"Horrela, jokalariak ezin izango ditu klubaren instalazioak erabili, ezta Landareko errugbi zelaian jokatu", gaineratu du Hernani Club Rugby Elkarteak.

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Gipuzkoa Hernani Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Sexu erasoak