Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak oraingoz ez du ikastetxeak ixtea aurreikusten

Hezkuntza kontseilariak adierazi duenez, eskolak normaltasunez ematen jarraitzeko baldintzak ematen dira une honetan. Dena dela, egungo egoera "aldakorra" dela ziurtatu du.

Eskolara doazen bi haur. Artxiboko argazkia: EFE
Eskolara doazen bi haur.
Eskolara doazen bi haur. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak ostegun honetan adierazi duenez, "Foru Gobernuak ez du ikastetxeak koronabirusaren eraginez ixtea aurreikusten une honetan". Dena dela, egungo egoera "aldakorra" dela eta "inguruabarrak une batetik bestera" aldatzen direla gaineratu du.

Gimenok hedabideen aurrean azaldu duenez, Foru Gobernuan eta Hezkuntza Sailan dituzten datuen arabera koronabirusean positibo eman duten ikasleen "kasu guztiak kontrolpean" dituzte, eta Osasun Sailaren arabera, "eskolak erantzukizun, berme eta segurtasun handienarekin ematen jarraitzeko baldintza guztiak ematen dira".

Nafarroako Hezkuntza kontseilariak kazetarien aurrean ziurtatu duenez, Hezkuntza Sailak osasun arloko arduradunekin koordinatuta hartu du ikastetxeak irekita jarraitzeko erabakia, eta "eskolak normaltasunez ematen jarraitzea da helburua". "Normaltasun, lasaitasun eta ardura mezua helarazi behar da", adierazi du.

Carlos Gimenok azpimarratu duenez, "kutsatuta dauden adingabeak eta horiekin kontaktuan izan diren pertsonak lokalizatuta daudenez, adingabeak sakabanatzea eta arriskuko herritarrekin kontaktuan jartzeko aukera ematea ez da erabakirik onena". "Beste neurri batzuk hartu ostean hartu beharreko erabakiak izango lirateke", zehaztu du.

Kontseilariaren hitzetan, "osasun arloko adituen irizpidea" jarraitzen ari dira, eta "konfiantza osoa" helarazten ari diete, gomendio guztiak betez. "Osasun kontseiluarekin eta zuzendari nagusiekin hitz egiten dut, eta minutuz minutu aztertzen ari gara egoera", azaldu du.

Bere iritziz, "ez da gauza bera kirol lehiaketa bat bertan behera uztea edo ikastetxeak ixtea, jendartean dituen ondorioak bestelakoak dira eta gizarteak erabaki hori hartzeko dauden arrazoiak ulertu behar ditu". "Horren atzean eskola-garraioaren zerbitzua dago, zentroek sortzen duten ekonomia, irakasleen egoera... sindikatuekin hitz egin behar dugu", adierazi du, eta "aztertu beharreko ondorio gehiago" daudela nabarmendu du, garrantzitsuena adingabeen gaineko "ardura eta segurtasuna" bermatzea dela gaineratuz.

Carlos Gimenok azaldu duenez, hezkuntza arloko kide guztiak egungo egoerarekin "kezkatuta" daude, eta "informazioa minutura" edukitzeko interesa dute denek. "Gure esku dugun informazio guztia ahalik eta gardentasun handienarekin zabaltzen ari gara", adierazi du, eta, egoera honetan, "adituei arreta handia" eskaini behar zaiela gaineratu du.

Horrenbestez, kontseilariak esan duenez, ikastetxeak ixteko arriskua areagotu edo "egoera kontroletik kanpo geratu" beharko litzateke. Horrela, "adingabe guztien segurtasuna zaintzeko erantzukizun handienarekin eta tentu handiz" neurriak hartzen ari direla esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa