Gizartea -

Koronabirusa

Zergatik ari dira hartzen koronabirusaren aurkako neurri gogorrak?

Agintariek eta adituek nabarmendu dutenez, abiatutako prebentziozko neurrien helburua da osasun-zentroek gainezka ez egitea; besteak beste, EAEko ikastetxe guztiak itxi egin dituzte.

Dendetan, esaterako, neurriak hartu dituzte koronabirusa dela eta. Argazkia: EFE
Gizonezko bat maskarilarekin denda batean.
Dendetan, esaterako, neurriak hartu dituzte koronabirusa dela eta. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta hainbat udal Gobernuk, azken egunotan, neurri gogorrak ezarri dituzte, COVID-19 gaitzari aurre egitea helburu; besteak beste, koronabirusak aurrera egitea eragozteko, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe eta ikasketa-zentro guztiak itxi egin dituzte. Horren harira, herritar batzuek zalantzak dituzte, neurriak guztiz egokiak ote diren ala gehiegizkoak ote diren; zenbait osasun-agintarik eta adituk esandakoari erreparatuta, alabaina neurri horiek herritar guztiontzako beharrezkoak dira, eta haien helburua da osasun-zentroetan egoerak gainezka egin ez dezala eta profesionalek kontrolpean izan dezatela.

"Etete-neurri horiek hartu ezik, edozeinek izango luke kutsatzeko arriskua", azaldu zion asteazkenean Miren Basaras EHUko mikrobiologoak Euskadi Irratiari. Adituak zehaztu zuenez, osasuntsu dauden eta arriskuko aurrekaririk ez duten herritarrek, koronabirusak kutsatuz gero, sintoma arinak izango dituzte, hori besterik ez: “Baina kutsatuen % 14k inguruk arazo larriagoak izan litzakete, eta % 5ek gaixotasun larriak jasan litzakete, pneumonia kasu”. Basarasek ohartarazi du patologia horiek ospitalean tratatu behar direla: "Kasu asko egotekotan, gerta liteke ospitale-zerbitzuek gainezka egitea". 

Espainiako Gobernuak, Osasun Ministerioaren bidez, gogora ekarri du neurrien xedea koronabirusaren eragina murriztea dela, eta beharrezkoa dela zehaztutako neurriak ezartzea, "herritar guztientzat, baina, bereziki, ahulentzat": "Neurriei esker, epidemiak motelago egingo du aurrera, eta osasun-zentroak ez dira beteko", nabarmendu du Gobernuak. Ministerioak adierazi du osasun-laguntza behar dutenek bermatuta egon behar dutela hori.

Miren Basarasen esanetan, kontua da zer ekar lezakeen ospitaletan paziente gehiegi egoteak: hain zuzen ere, epidemiaren eragina asko handitzea. Testuinguru horretan, Osakidetzak esana du ohi baino ohe gehiago dituela prest, balizko egoera horri aurre egiteko, "baina behar-beharrezkoa da neurri zorrotzak ezartzea puntu horretaraino ez iristeko". Mikrobiologoak azaldu du COVID-19 gaixotasunaren heriotza-tasa % 2 edo 3koa dela, eta gripearena, aldiz, % 1ekoa edo gutxiagokoa; horrez gain, "gaitz larriak jasan litzakeen herritarrak, hau da, herritarren % 14, ospitalera joan beharko lirateke", eta, ondorioz, epidemiaren hedapena handiagoa izateko arriskua areagotuko litzateke.

Pertsonen arteko kontaktua minimizatzea

Osasun Ministerioak, halaber, adierazi du prebentziozko neurrien asmoa dela pertsonen arteko kontaktua minimizatzea, "eskola-arloan, lanean, garraioetan, aisialdian, parte-hartzaile askoko ekitaldietan…". Nahia Idoiaga psikologoak nabarmendu du jasotako informazioa "filtratu" behar dugula, eta egoerari heltzeko baliogarritzat jotzen ditugun iturriak identifikatu beharra dugula: "Batzuen antsietate-maila handia da; nolabaiteko autorregulazioa izan behar dugu" adierazi du, ETBko Egun On Euskadi saioan.

Nahia Idoiagaren BIDEOA | Nola azaldu behar zaie haurrei koronabirusarekin gertatzen ari dena?

Nola azaldu behar zaie haurrei koronabirusarekin gertatzen ari dena?
Nola azaldu behar zaie haurrei koronabirusarekin gertatzen ari dena?
Nola azaldu behar zaie haurrei koronabirusarekin gertatzen ari dena?

9:17

Osasun-agintarien neurriak betetzeko erabateko egokitasunaren aurrean, Idoiagak gaitzetsi du kontsumitzaile batzuek zenbait supermerkatutan izandako jarrera: "Agintarien jarraibideak ahal bezain argiak eta zehatzak izan behar dira", esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Albisteak Nafarroa EAE Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako Ospitalea albisteak Donostia Unibertsitate Ospitalea Arabako Unibertsitate Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea albisteak COVID kasuak