Gizartea -
Donostiako Aste Nagusia
Munduko futbol txapelketa abiatu zuen piroteknia-etxea, Donostian
Abuztuaren 13an hasiko da txapelketa Ferrandez Anaiak Murtziako enpresarekin eta abuztuaren 20 amaituko da Ricardo Caballer Valentziakoarekin.
Erredakzioa
Zazpi parte-hartzaile izango dira aurten Donostiako su artifizialen 48. edizioan. Aurtengo txapelketan, besteak beste, iazko irabazleak (italiarrak) eta 2010eko munduko futbol txapelketari hasiera eman zioten hegoafrikarrak izango dira.
Alfonso Giménez Venturak irabazi du txapelketa iragarriko duen kartela hautatzeko lehiaketa. Inoiz baino kartel gehiago aurkeztu dira lehiaketa honetara, eta kartel hautatuak diseinu “alai eta koloretsua” dauka, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura ordezkariak asteazken honetan prentsaurreko baten bidez jakinarazi duenez.
Abuztuaren 13an hasiko da su-festa, Ferrandez Anaiak Murtziako enpresaren eskutik, eta 20an bukatuko da, Ricardo Caballerren Ricasa piroteknia-etxeak lehiaketatik kanpo eskainiko duen ikus-entzunezko emanaldiarekin.
Abuztuaren 14an, Luso piroteknia-etxea (Portugal) arituko da; 15ean, Antonio Zarzoso Castelloko enpresaren eskutik iritsiko da ikuskizuna; 16an, Zaragozana piroteknia-etxearen txanda izango da; 17an, Caballer FX valentziarrarena; 18an, Hegoafrikako Fireworks for África, Munduko Futbol Txapelketari hasiera eman zion enpresa, arituko da; eta 19an, iazko irabazleak izango dira Donostian, Cav. Bruscella Bartolomeo &' || ' Fratelli.
Aurten ere, epaimahai ofizialak hiru sari emango ditu: Urrezko Maskorra eta 7.000 euro, lehen sailkatuari; Zilarrezko Maskorra eta 5.250 euro, bigarrenari; eta Brontzezko Maskorra eta 3.500 euro, hirugarrenari. Sari horiez gain, epaimahai gazte batek gazteen saria emango du, eta herri-epaimahaiak, beste bat, botoak SMS eta internet bidez jasota.