Gizartea -

Koronabirusa

Koronabirusarekin kutsatutakoek 15 egun jarraitu behar dute isolatuta, suspertutakoan

Munduko Osasun Erakundeak ohartarazi du COVID-19ak jotakoek sintomak izateari utzi eta bi astera ere kutsa ditzaketela besteak.

Hainbat lagun, astelehen Bilbon, koronabirusaren aurka neurriak hartuta. Argazkia: Efe.
Bilbo, astelehenean
Hainbat lagun, astelehen Bilbon, koronabirusaren aurka neurriak hartuta. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundearen zuzendari nagusiak gaur, astelehenarekin, azpimarratu duenez, suspertu eta gero ere kutsa ditzakete besteak koronabirusa dutenek; horregatik, sintomak izateari utzi ondoren ere, hamabost egun gehiago egin behar dituzte isolatuta.  

“Gaitza ondoezik izateari utzi eta gero ere kutsa dezaketenez, isolamendu neurriak bi astez luzatu behar dira gutxienez, sintomak desagertuta ere”, adierazi du, batik bat gaixotasunetik etxean suspertzen ari direnak gogoan.  

Tedrosek erantsi du, kasu hauetan, zaintzen ari direnak osasun oneko pertsonak izan behar direla eta ezin direla arrisku taldeetakoak izan; eriarekin harremanetan egon eta gero eskuak ondo garbitu behar dituzte eta ezin da beste bisitarik baimendu.

“Pertsona kutsatuak etxean zaintzeak familiako gainerakoak arriskuan jar ditzakeenez, ezin garrantzitsuagoa da zaintzaileek Munduko Osasun Erakundearen jarraibideak betetzea ahalik eta zaintza seguruena emateko”, esan du.

Horren ildotik, Tedrosek azpimarratu du nola eriak hala zaintzaileak maskara eraman behar dutela gela berean elkarrekin badaude eta eriak logela batean bakartuta lo egin behar duela eta komun ezberdin bat erabili.

Etxeko zaintza

MOEko zuzendari nagusiak arreta berezia eskaini dio etxean zaintzen ari diren erien egoerari, azaldu baitu zenbait herrialdetan osasun instalazioetan daukaten edukiera gainditu dutela.

“Kasu horietan, lehentasuna eman behar zaie eri adinekoenei eta aurretik osasun arazoak zituztenei”, azpimarratu du, eta gogora ekarri du herrialde batzuetan estadioak, kiroldegiak eta bestelako instalazioak bideratu dituztela larritasun maila txikiagoko kasuak artatzeko.

Osasun erakundearen buruak errepikatu du Txinatik kanpo zenbatutako kasuek (83.000) pandemiaren jatorriko herrialdean zenbatutakoa gainditzen dituela; horrez gain, azpimarratu du herrialde askotan lan handia dagoela egiteko, nahiz eta beste askotan isolamendu neurriak hobetzen ari diren.  

“Urruntze sozialari dagozkion neurriak ugaritu direla ikusi dugu, eskolak itxi dira, kirol probak eta bestelako ekitaldi jendetsuak bertan behera utzi…  Baina oraindik ez dugu ikusi aurrerakada nabarmenik analisietan, kontaktuen identifikazioan eta erien isolamenduan, eta hori erantzunaren gakoetako bat da”, adierazi du.  

“Mezu erraza dugu herrialde guztientzat: egin azterketak kasu susmagarri guztiei”, esanda bukatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundearen albisteak