Gizartea -
Bikotekidea atxilotu dute
Emakume bat larri dago hirugarren pisutik erorita, Tudelan
Bikotekideak eztabaida izan zutela onartu du baina emakumearen erorketan zerikusirik eduki izana ukatu du.
Erredakzioa
Emakume bat larri zaurituta dago Tudelako eraikin bateko hirugarren pisutik erorita. Ondorioz, emakumearen bikotekidea atxilotu dute, Poliziako iturriek baieztatutakoaren arabera.
Etxebizitza bereko beste gela batean zegoen bikote batek adierazi duenez, emakumea 18:00ak aldera erori zen leihotik behera, bere bikotekidearekin eztabaidatzen aritu ostean, baina lekuko horiek ez zuten gertatutakoa ikusi.
Emakumea, 30 urteko kolonbiarra, Capuchinos kalearen inguruan zeuden bi osasun laguntzaile teknikok artatu zuten eta handik gutxira Reina Sofia Ospitalera eraman zuten. Han azterketa egin zioten eta Iruñeako ospitale batera eramatea erabaki zuten.
Polizia gertatutakoa ikertzen ari da
Iturri berberen arabera, Polizia datu gehiago biltzen ari da froga eta testigantzak bilduz, eta bikotearen senitarteko eta lagunekin harremanetan jarriz, gertatutakoa argitzeko. Bikoteak denbora gutxi zeraman etxebizitza horretan bizitzen.
Jakinarazitakoaren arabera, atxilotua, 36 urteko dominikarra, kalera jaitsi zen bikotekideari lagundu nahian, baina erorketarekin zerikusirik eduki izana ukatu du, eztabaidan aritu zirela onartu ostean.