Gizartea -
Koronabirusa
Ur, argi eta gas zerbitzua etetea debekatu du Espainiako Gobernuak
Ministroen Kontseiluak onartu duen neurria “kontsumitzaile kalteberei, kaltebera larriei eta gizarte bazterketarako arriskuan daudenei” aplikatuko diete, oraingoz hilabetez.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak koronoabirusaren pandemiaren aurkako presazko neurriak biltzen dituen errege lege-dekretu bat onartu du gaur, asteartearekin, eta, horren ondorioz, oraingoz hilabetez (epea luzatu egin daiteke) ezingo zaie elektrizitate, ur eta gas natural zerbitzua eten kontsumitzaile kalteberei, kaltebera larriei eta gizarte bazterketarako arriskuan daudenei.
Neurri honek irailaren 15era arte luzatuko du bonu sozial elektrikoaren indarraldia, eta, gainera, bertan behera uzten du publikoaren aurreko salmentarako gehienezko prezioen berrikustea butano botilan eta beste gas likidotu batzuen kasuan baita gas naturalaren azken baliabideko tarifa ere, une hauetan igotzea saihesteko.
Butano botilaren eta gas tarifa arautuaren prezioek egungo kopuruei eutsiko diote, beraz, sei hilabetez.
Errege lege-dekretuak ura, elektrizitatea eta gas naturala etetea debekatzen du “kontsumitzaile kalteberei, kaltebera larriei eta gizarte bazterketarako arriskuan daudenei”, eta horiek zein diren 2017ko beste errege lege-dekretu batean dago zehaztuta.
Orokorki, izaera hori bonu sozial elektrikoa jasotzen duen edozein kontsumitzaileri aitortzen zaio, eta % 25 (kalteberak) eta % 40 (kaltebera larriak) arteko beherapena ezartzen du.