Gizartea -

Koronabirusa

Portsmoutheko ferryak 148 lagun eraman zituen Bilbora, zehaztu du Portuak

Gogorarazi duenez, gainera, "baimendutako linea erregularra" da, eta une honetan ez du "inolako debekurik, legeari dagokionez".

Bilboko Portuaren ikuspegi bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Bilboko Portua
Bilboko Portuaren ikuspegi bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Portuak zehaztu duenez, asteartean Portsmouthetik (Erresuma Batua) Santurtzira iritsi zen Brittany Ferries ontzi-enpresaren ferryak 148 bidaiari zeramatzan, "ez ia mila", EAJk Senatuan egindako galdera batean esana zuenez; halaber, bidaiarien artean Estatu espainiarreko familiak zeuden. Horrez gain, gogora ekarri du "baimendutako linea erregularra" dela, eta une honetan ez duela "inolako debekurik, legeari dagokionez"; izan ere, "soilik italiar Errepublikatik iritsitako bidaiarien ontziek eta edozein herrialdetik heldutako gurutzaontziek dute sarrera debekatuta".

Ohar batean, Bilboko Portuak azaldu du Espainiako Gobernuak, koronabirusaren krisiagatik, lur-mugak itxi dituela, mugetan kontrolak berrezarrita, eta herritarren joan-etorriak mugatu dituela; Itsas mugak, baina, oraingoz behintzat, zabalik daude: "Bakarrik italiar Errepublikatik iritsitako bidaiarien ontziek eta edozein herrialdetik heldutako gurutzaontziek dute sartzeko debekua".

Ondorioz, Bilboko Portuak adierazi du bidaiarien zirkulazioa, Europako gainerako herrialdeekin dauden linea erregularretan, baimenduta dagoela, "oraingoz behintzat": "Hori bai; bidaiariek, helmugara iritsita, aginduak bete behar dituzte, zirkulazio askerako mugei eta konfinamendu-neurriei dagokienez, gainerako herritarrek bezala".

Bilboko Portuak, hain zuzen ere, Brittany Ferries ontzi-enpresaren ferryaren harira zabaldu du oharra; ferry horrek astean hiru aldiz lotzen ditu Bilboko eta Portsmoutheko portuak. Gogorarazi duenez, ontzia asteartean iritsi zen Santurtzira, 14:15 aldera: "Heldu eta berehala, salgaia eta 148 bidaiariak lehorreratu ziren. Ez ziren ia mila, argitaratu denez". Horietatik 28 salgai-gidariak ziren.

"Bidaiarien herritartasunen gaineko daturik ez dugu, baina ontzi-enpresak esan digu Estatuko familiak ere zeudela; guztiei esan zitzaien, itsasoratu aurretik, ontzian osasun-neurriak zeudela, eta Espainiako Estatuan zenbait neurri zeudela ezarrita, konfinamendua barne", zehaztu du.

Gainera, zehaztu duenez, bidaiari askok, informazio eta gomendio horiek entzunda, erabaki zuten ez bidaiatzea, eta erreserba bertan behera utzi zuten. Hortaz, "Bilboko Portuak, beti bezala, araua bete zuen".

Ontzi-enpresaren eta Polizia Nazionalaren azalpenak; EAJk galderak kendu ditu

Ontzi-enpresak, bere aldetik, azaldu du zer esan zien bidaiariei: "Guztiei jakinarazi zitzaien bidaia ezinbestekoa izan behar zela, Espainiako Estatura joateko. Portsmouthera iritsi aurretik esan genien, eta bertatik abiatu aurretik ere bai; horregatik ehunka bidaiarik erabaki zuten bertan behera uztea bidaia, informazio argi hori jasota", azaldu du Brittany Ferriesek.

Testuinguru honetan, EAEko Polizia Goi Buruzagitzak gogorarazi du Espainiak Frantziarekin eta Portugalekin dituen lur-mugak itxita daudela, baina, dekretuak zehazten duenez, itsas eta aire-mugak, aldiz, ez. Hortaz, Polizia Nazionaleko agenteek legearen arabera jardun zutela adierazi du; horrez gain, egiaztatu zuten lehorreratu zirenak espainiarrak edo Estatuan bizi diren britainiarrak zirela.

Bilboko Portuaren, Brittany Ferries ontzi-enpresaren eta Polizia Nazionalaren azalpenak jasota, EAJk erabaki du Senatuan egindako galderak kentzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Azken ordukoa Bizkaia EAE albisteak Erresuma Batua albisteak Gaixotasunak Bilboko Portua albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Bidaiak 2023 Koronabirusaren Eris aldaera gaur