Gizartea -
Koronabirusa
Galdakaok 20 ohe jarri ditu eskola batean, ospitaleari laguntzeko
Gandasegi Herri Ikastetxean ipini ditu; gertu dagoen Galdakao-Usansolo Ospitaleko gaixoek erabili ahalko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Galdakaoko Udalak 20 ohe jarri ditu Gandasegi Herri Ikastetxean, gertu dagoen Galdakao-Usansolo Ospitaleari laguntzeko asmoz. Aurreikuspena da ospitaleko gaixoek erabili ahal izatea.
Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, 20 ohe horiek ikastetxe publiko horretako psikomotrizitate-gelan ipini dituzte. Baliteke ondorengo egunotan pertsona gehiago egotea koronabirusak kutsatuta, eta horregatik erabaki dute jartzea.
Gainera, Udalak ikastetxe horretako sei gela berrantolatu ditu, beste 30 ohe ipintzeko helburuarekin. Beharrezkoa balitz, hezkuntza-zentro horretako beste gune gehiago prestatuko lituzke, ohe gehiago jartzeko.
Bestalde, Udalak eskerrak eman dizkio Andra Mari dantza-taldeari; izan ere, jarritako 20 ohetako izarak eman ditu talde horrek.